ARKAITZ ESTIBALLES | BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELDUNA
«Maite ditudanekin detaile politak izan nituen eta horregatik bakarrik pozik nengoen»
Arkaitz Estiballesek bertso batean familia handi bat bueltan hartzen duen mahaiaren deskribapena egiten duenean, entzuleak kasik usaindu egiten ditu aipatzen dituen esparragoak eta arrain zopa. Deskribapenen maisua da, bertsoa marrazteko bidean erortzen zaizkion detaileek bere bertsoa hortantxe bihurtzen dute; bere-berean. Nortasun markatuko txapeldun handia da.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Nekatuta eta buruko minez harrapatu genuen Bizkaiko txapelduna finalaren biharamunean. Baina horiek detaile txikiak baino ez dira. Batez ere pozik harrapatu genuen, gustura egindako lanarekin eta kontentu final handi baten parte izan delako. Inoiz baino goizago erretiratu zen bezperan, sekulako gosea zuela-eta goizeko laurak baino lehentxeago arrautza frijituak jaten ari zen etxeko sukaldean. Mahaian, parez pare, lagun batzuk oparitutako Viña Ardanza ardo botila bat. Oraindik ez du ireki. Atzoko agurrean kantatu zuenez, «laister gure ondoan egongo direnak» daudenean zabalduko du.
Espero du urtebete barru aterako dela kartzelatik bere kuadrillako Andoni Beroiz. «Orduan zabalduko dut».
Ezustean harrapatu al zintuen buruz burukora pasa izanak?
Bai, niretzako ezustekoa izan zen buruz burukora pasatzea. Behin horra iritsita, edozer gerta daiteke. Baina egia da buruz burukora pasatu arte nahiko saio orekatua ikusten nuela; oso zabal ikusten nuen kontua. Frediri behin baino gehiagotan esan nion; «Fredi, eutsi, ze oso ondo ari zara eta gerta daiteke zu pasatzea». Hori, orain dela urte batzuk beste batzuk egin zuten nigatik. Gogoratzen naiz Igorrek nola esaten zidan aurreko final batzuetan «ez jaitsi oraindik burua ze lan gehiago izan dezakezu». Egia esan buruz burukora pasatzeko momentu hori oso kritikoa izaten da. Eta nire izena entzun nuenean, ilusio handia egin zidan.
Txapelak ere ilusioa egin dizu. Oso hunkituta jaso zenuen.
Momentu horretan jende asko, ideia asko, gauza asko etorri zitzaizkidan burura. Orokorrean gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Uste dut gaietan detaile pertsonalak izan nituela asko maite ditudan pertsonekin eta horregatik bakarrik pozik nengoen. Eta gero saria jasotzea izugarria izan zen.
Lehen bakarkakoan kontatutako istorioari heldu zenion buruz buruko kartzelakoan. Bete-betean asmatu zenuen.
Ez zait inoiz gertatu. Egia da gaiak oso desberdinak zirela, baina lehenengo gaia bide horretatik hartu nuen eta, gero, buruz buruko bakarkakoan ideia berdina etorri zitzaidan. Eta bururatu zitzaidan bi istorioak elkarrekin lotzea. Bigarrena flashback moduko bat izan zen, kronologikoki ez zeudelako ordenean, baina uste dut entzuleak harrapatu zuela istorioa eta efektu polita lortu zuela. Nik besterik ez neukalako egin nuen, ideia hori etorri zitzaidan eta horri heldu nion. Baina, tira, gustura gelditu nintzen.
Oso saio beroa izan zen. Nola bizi izan zenuten giro hori oholtza gainetik?
Leku bakoitzak badauka bere izpiritua. Lehenengo aldia zen Miribillan egiten genuela finala eta niri lekua izugarri gustatu zitzaidan. Tenperatura bikaina zeukan. Askotan bertsolariok hoztu egiten gara bero-hotz aldaketa bortitzak izaten direlako. Miribillan aldaketarik gabeko tenperatura zegoen eta gustura egoten zen. Saio guztia manga motzean egin nuen. Bestetik, jendea oso bero ikusten zen. Uste dut oro har jendeak oso ondo pasatu zuela.
Amaieran, bertsolari guztiak pozik eta oso hunkituta.
Han geunden zortziak aspalditik ezagutzen dugu elkar eta uste dut denok oso pozik amaitu genuela saioa. Ni bereziki poztu nintzen Fredigatik. Duela bi urte ez zen finalera pasa eta, aurten, finalera pasatu eta sekulako energia transmititu dio entzuleari. Benetan poztu nintzen Fredigatik. Eta, orokorrean, jendeak esatea oso saio ona izan dela eta denok ondo aritu garela, ba izugarria da. Oso desberdina da saio eskas batean txapeldun ateratzea edo lehia handia egon den saio batean, saio eder batean, janztea txapela.
Buruz burukoan askeago ibili zineten Igor eta biok.
Bai, segur aski. Buruz buruko zortziko txikian Igor eta biok distantzia batera ibili ginen. Momentu kritikoa izaten da, behera egiteko arriskua egoten baita. Horregatik hasi ginen elkar asko ukitu gabe, pasean bezala. Sei puntuko motzean solte ibili ginen. Bukaerarako erreferentzia politak etorri zitzaizkidan, Donostiako ezkontzarena eta. Eta amaieran, erdal mundura joatea tristea bada ere, Pantojaren hortzena etorri zitzaidan eta pentsatu nuen, «ba hauxe bota behar dut». Errima zaindu nuen pixka bat eta bota egin nuen. Fresko ibili ginen bai.
Maite dituzun asko aipatu zenituen bukaerako kartzelan.
Egia esan, hiru bertso luze samarrak egiten zitzaizkidan. Banekien hirugarren bertsorako ardo botila hustu egingo nuela, baina istorioa agortuta bezala iritsi nintzen. Erabaki nuen maite ditudanak aipatuko nituela eta niretik kantatuko nuela. Gozatzera joan nintzen eta hurbilekoak pozik uztera. Zenbait jenderi poztasun hori emateko gogoa nuen, eta lortu nuen.
Joxe Agirreren heriotza oso presente izan zen. Finala baino ordu batzuk lehenago horrelako albiste bat jasotzeak nola eragiten du?
Saioan bertan ez duela eragiten uste dut. Saioaren aurretik denok sentitu genuen ardura moduko bat; saio txukun bat egin beharra zegoen egun oso berezia zelako. Agurretan aipatu genuen, gero ere, nolabaiteko omenaldia egin genion. Besarkada handi bat hemendik familiari.
Joxe Agirrerekin plazan aritutakoa zara zu.
Bai, nik nahi baino gutxiagotan hala ere. Saio eder askoak entzundakoa naiz ni Joxeren ahotik. Bertsolari handi bat joan zaigu, bertsolari bukaerara arte, arnasa agortu arte bertsotan jarraitzeko prest egon dena. Erretiroa sekula hartu ez duen bertsolaria izan da.