GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Gabonetako Torneoa

0Izeta II.ak eta Telleria II.ak arazorik gabe lortu dute finala jokatzeko txartela

p038_f02.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ezusterik izan, eta Izeta II.ak eta Teleria II.ak lortu zuten atzo eguerdian Etxalarren Gabonetako Torneoko finala jokatzeko txartela. Finalean, gainera, Izeta III.a eta Izeta IV.a izango dituzte aurrean; Izeta II.aren anaia eta semea, alegia.

Bost harri ezberdin erabili zituzten, eta guztira 110 jasoaldi egin zituzten Aiakoak eta Urnietakoak. Aurrean, bi nafar izan zituzten, Bertiz eta Ariztegi, eta azken horiek 102 jasoaldi lortu zituzten. Leku berean aizkorako torneoko bigarren finalerdia ere jokatu zen, eta Xabier Mindegiak irabazi zion Oihan Larretxeari, finala jokatzeko txartela eskuratuz. Bertan Jexuxmari Mujika izango du aurrez aurre.

Sokatira

Lauko sokatirako denboraldia amaitzeko jardunaldi bakar bat falta da, eta hori datorren larunbatean jokatuko da, Ibarran. 300 kiloko ligaxkako azkeneko jardunaldian, lehen ekinaldian nagusi izan ziren taldeak izan ziren berriz ere nagusi. Sokarri A, Sokarri B, Abadiño A, Ibarra B, Ñapurrak B eta Berriozar A sailkatu ziren finalera. Horrenbestez, Sokarri izan da finalean bi talde sartu dituen klub bakarra.

Emakumezkoetan, 260 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zen, eta oraingoan Badaiotz izan zen garaipena erdietsi zuen taldea. Ibarrak irabazi zuen lehenengoa, eta oraingoan alderantziz izan zen. Azken jardunaldirako emozioa gainezka egongo da, bi taldeon artean baitago txapela. Berriozar, Ibarrako bigarren taldea eta Artzeniegako biak sailkatu ziren faboritoen atzetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo