GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

FINAL DEL CUATRO Y MEDIO

Oinatzek erasora jokatzea eta presa nahastu ditu

Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia

Finalaren atarian beti esaten dugu partida batera edozer gerta daitekeela, edozeinek izan dezakeela egun txar bat... baina gauza da Aimar Olaizolak aspaldian ez dakiela horrelako zerbait zer den. Finalak jokatzera eta irabaztera ohitu da eta sekula ez du bere maila jaisten. Ez du egun txarrik eta partida batean ere nekez egiten du behera. Atarikoan esaten genuen Oinatzek %110ean egon behar zuela irabazteko eta %80tik ere oso urrun izan da.

Iruditzen zait Leitzakoak ideia bat zekarrela buruan partida jokatzerako; erasora jokatu behar zuela, defentsa hutsarekin ezin zuela irabazi, eta, egia esan, erasokor aritzea eta presaka aritzea nahastu dituela iruditzen zait. Prestatuta zekarren ideia horrek huts egin dio berehala eta partidatik kanpo egon da. Beste munduko ezer egin gabe, bere lekuan ondo egonda, Aimar Olaizola 13-0 jarri da markagailuan aurretik, eta hortxe bukatu da finala. Ikusmin handia sortzen da halako partida baten aurrean eta denok nahi izaten dugu partida onak ikustea, baina oso zaila izaten da final ona tokatzea eta atzokoa ez zen onegia izan. Partida galduta zuela ikusi zuenenean, Bengoetxea VI.a zerbait esnatu zen, baina ordurako oso berandu zen, bai behintzat sekula beheraldirik izaten ez duen Aimarren aurka. Konparaketak egitea ez dut atsegin, baina arerioengan Retegik bere garaian sortzen zuen beldurra eragiten duela uste dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo