Arantza Santesteban Historialaria
«Gu, belaunaldikook»
Inori gure erabakien faktura pasa gabe, ederra litzateke elkarren ulermenean eraikitzea belaunaldikideon arteko bizikidetza
Aurrekoan katalan ezkertiar eta abertzale batek deitu zidan kafe bat hartu eta, bide batez, aspaldi hasi zuen ezker abertzalearen inguruko tesi etnografiko batean nire testigantza utz nezan. Aitortzen dut zoologikoan hesiaren beste aldean bizi den animalia baten antzera sentitu nintzela, nire bizitzaren parte izan diren paisaia naturalak ikergai bihurturik eta guzti-guztia aditu bati kontatzen. Baina, nonbait, badugu zer kontatu, batzuentzat ba omen dugu interesik. Galderak gora eta behera aritu zitzaidan ikerlari katalana, «nola hasi zinen honetan, zenbat urterekin, noren eraginez...» eta ni, neure buruari sarriegi egin ez dizkiodan galderen erantzule bihurtu nintzen bat-batean, nire bizitza grabagailu bati kontatuz eta arraro, edo «bitxorraro», sentituz neure burua bera. Hitz eta azalpenen artean saiatu nintzen askorentzat naturala izan den ibilbidearen logika azaltzen, ez daukagula «nonbait» sartzen ari garen sentsazioa, gutako gehienontzat parte hartze naturala izan ohi dela, eta tira, kanpoko behatzaile batek egin ditzakeen galdera asko gure artean ez direla itaun gisa planteatzen.
Arreta, baina, bestelako elementu baten gainean jarrita zeukala ulertu nuen berehala. Biziki deigarria egiten zitzaion euskal gazte askok zergatik eta zein mekanismoren arabera hartu duten borrokara biltzeko arrazoia. Izan ere, esaten zidan, ondoko herrialdeetan, Katalunian kasu, klase jakin bateko gazteek euren ikasketa eta bizi proiektuak aurrera eramatea omen dute bizi ardatz, eta hartara, harrigarria omen zitzaion aztergai zituen gazte politizatuen muturreko hautua. Ariketa sanoa iruditu zitzaidan kanpotik nola ikusten gaituzten ulertzea eta, bide batez, kanpokoen galderak erantzuteko saiakera egitea.
Ordutik ordea, bueltaka ibili natzaio gaiari. Jakitun naiz ezin dela kasuotan orokortu, norberak bere bizitzari dagozkion erabakiak hartzen baititu. Mota guztietako erabakiak. Batzuk larriagoak, beste batzuk arinagoak, batzuk kontzienteki, beste batzuk ez horrenbeste, eta denak ala denak zilegi. Nik askotan pentsatzen dut aukeratu nezakeela beste biderik: akademiara dedikatzea modu iraunkorrean, edota, gazteagoa nintzenean, bileretan egon beharrean parrandetan eta dibertigarriagoak ziren zereginetan xahutzea nire denbora. Ordea, horiek eta bestelako erabakiak hartu nituen, batzuk kontzienteki, beste batzuk ez horrenbeste, eta guztian bezala egindakoarekin kontent eta egin gabekoagatik maila batean penatuta. Hala ere, ez dut ondoko herrialde horietara joan beharrik «aztergai» sentitzeko, batzuetan, lagun eta familiakoen artean nahikoa laborategiko lagin sentitzen bainaiz, ziurrenik, beste askoren antzera.
Halakoetan nabaritzen dut muga difuminatu eta inozente bat dagoela nire eta akademiara zein gauza dibertigarrietara dedikatu diren belaunaldi kideen artean. Batzuoi bizitza aberastu eta konplikatu ere egin zaigula, eta agian «bitxorraro» samarrak ere bagarela gure garaikideen begietara. Inori gure erabakien faktura pasa gabe, ederra litzateke elkarren ulermenean eraikitzea belaunaldikideon arteko bizikidetza.