GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Axun Apaolaza, Asier Alustiza | Lazkao Zero Zaborreko kideak

5. edukiontzia vs atez ate. Hori al da eztabaida?

Garbia eta osasuntsua izango al litzateke gipuzkoar guztion zaborrak erreko dituen fabrika bat Lazkaomendin izatea?

Harrigarria bada ere, krisiak geroz eta gogorrago zanpatzen gaituen honetan, gipuzkoarron eguneroko ogia eta benetan arduratzen gaituena hondakinak biltzeko bilketa sistema dela dirudi. Zergatik ote?

Lazkaon ere horixe da errealitatea, zikinkeria, inposaketa, garestia... bezalako hitzak besterik ez dira entzuten, zer eta gaur egungo sistema bilketarekin zabortegiak milaka tonaz bete ditugunean. Tona horietan guztietan, materia organikoa, ontzi arinak, papera-kartoia eta sortzen ditugun zabor mota guztiak daude. Hori al da garbia izatea? Nahikoa ez eta orain zabortegiak bete direla-eta, zabor horri guztiari irteera eman asmoz erraustegia inposatu nahi dute batzuek, hori bai, beraien etxeetatik kanpo. Oso garbia eta osasuntsua izango al litzateke gipuzkoar guztion zaborrak erreko dituen fabrika erraldoi bat Lazkaomendin izatea, non tximinia erraldoi batetik mota guztietako gas kutsakorrak isuriko lituzkeen? Eta zergatik bai Zubietan?

Lazkaon, %40 inguruko birziklatze tasan gaude; gainerako %60 zabortegira doa. Hiru urte pasa dira bosgarren edukiontzia jarri zenetik eta txartelaren erabiltzaileak herritar guztien %37 dira, nahiz eta %52k izan etxean erabilgarri. Biztanleen %63k, beraz, organikoa zabortegira bidaltzen du. Errefusa (dena nahastuta biltzen den zaborra) egunero biltzen jarraitzen da eta gehien sortzen duguna, hau da, azkeneko egunerako usteltzen hasten den materia organikoa, astean behin. Errefus tona batek 144 euroko kostua du, Lazkaoko Udalari hilabetean 13.000 euro kostatzen zaiolarik; norbaitek uste al du erraustea merkeagoa izango dela, makroproiektuak berak Gipuzkoa eta gipuzkoarrok hogei urterako hipotekatzen gaituenean?

Batzuk, benetako eztabaida desbideratu eta herritarren ezjakintasuna baliatuz, gezurren bidez beldurra sartu nahian dabiltza. Arazoa ez da bilketa sistema; kontsumitzen duguna ondo bereiztean dago gakoa, lurrak emandakoa lurrera itzultzean dago gakoa. Zero zabor politika da martxan jarri beharrekoa, naturari beharrezko osagaiak ustiatuko dizkiona eta osagai horiek berrerabili, birziklatu eta lurrari itzuliko dizkiona. Helburu horiek erraustegi batek ez ditu bermatzen eta bilketa sistema eraginkor batek norabide egokian jartzen gaitu.

Horregatik eta gaiaz kezkatuta, Lazkao Zero Zaborretik gonbidapena luzatu nahi dizuegu Lazkao Birziklatuz taldekoei, birziklatzeari buruz hitz egitera, gure iritziak elkar trukatzera. Uste dugu denon elkarlana eta adostasuna ezinbestekoak izango direla Lazkao norabide onean jartzeko. Zuen erantzunaren zain gelditzen gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo