Bordeleko animazio zinemaldian film luze onenaren saria irabazi du «Gartxot» lanak
Les Nuits Magiques animazio filmen nazioarteko jaialdiak 22. edizioa zuen aurtengoa; abenduaren 5etik 18ra gauzatu da. Zinemaldi honek badu berezitasun bat: ikusleek hautatzen dute irabazlea.
GARA | BILBO
Juanjo Elorduik eta Asisko Urmenetak zuzenduriko «Gartxot» lanak film luze onenaren saria irabazi du Bordeleko animazio filmen nazioarteko jaialdian.
«Gartxot»-ekin batera, «O'Apostolo» (Galizia), «Arrugas» (Galizia), «Le voyage de M. Crulic» (Polonia-Errumania) eta «Jean de la lune» (Estatu frantsesa-Irlanda-Alemania) film luzeak ziren hautagaiak.
Bordeleko animazio zinemaldiak 22. edizioa izan du aurten.
Zaraitzuko euskara
Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik zuzenduriko «Gartxot», Andoaingo Somuga estudioan produzitua eta Arturo Campionen narrazio batean oinarritua da. Benito Lertxundiren musikak janzten du filma eta Lertxundik berak ahotsa ere jarri dio pertsonaia bati, Olatz Zugastirekin batera. Horrez gainera, protagonista nagusiei Zuberoako eta Baxenabarreko kantari eta aktore trebeek jarri diete ahotsa: Mixel Etxekopart, Luxi Agergarai eta Maika Etxekopartek, besteak beste.
Zaraitzuko euskararen antzeko ahoskera behar zuten egileek, izan ere, zaraitzueraz mintza daitekeen jende kopurua txikia da. Hortaz, zaraitzueraren hurbileko ahaide xibererara jotzea erabaki zuten. Urmenetaren eta Elorduiren ustetan, «euskarazko filmetan sekula lortu den hizkerarik interesgarrienetako bat gauzatu» dute.
Beste zinemaldiak
«Gartxot, konkista aitzineko konkista» iazko azaroaren 19an estreinatu zen, eta oraindik ere herriz herri dabil Euskal Herrian zehar. «Gartxot» lanak zortzi izendapen izan ditu beste horrenbeste zinemalditan (Brasilen, Italian, Bulgarian, Portugalen, Estatu frantsesean eta Australian) eta hau da jasotzen duen bigarren saria, Australiako Auburn zinemaldiko sariaren ondoren. Sari hura ere ikusleek emanikoa izan zen. Euskal Herrian (urtarrilaren 30ean) Iruñeko Zaldiko Maldikon ez ezik, Txekian eta Bretainian ere ikusgai egongo da datorren urtean.