GARA > Idatzia > Mundua

CIAren itzal luzeak arriskuan jarri du poliomielitisaren kanpaina

Pakistanen poliomielitisaren aurkako txerto kanpaina eten egin dute nazioarteko erakunde humanitarioek, txertoak jartzen laguntzen ari ziren zortzi pertsona hainbat erasotan hil ondoren. Talibanen ustez, Mendebaldeko herriek kanpainak erabiltzen dituzte helburu militarrekin. Hala egin zuen CIAk Bin Landen hil zuen operazioa prestatzeko.

GARA | ISLAMABAD

Pakistanen poliomielitisaren aurkako txertatze kanpainan ziharduten zortzi pertsona hil dira aste honetan hainbat erasotan, eta ondorioz, nazioarteko erakundeek bertan behera utzi behar izan dituzte herri horretan endemikoa den gaixotasuna desagerrarazteko ekintzak.

Erasoak areagotu egin ziren atzo Peshawaretik hurbil, Afganistaneko muga eta tribuen esparruen inguruan, talibanak eta Al Qaedari lotutako taldeen babesleku dena.

Sharsadan gizon armatuek langile bat eta bere gidaria tirokatu eta hil zituzten, eta beste gizon batek zauri larriak jaso zituen. «Klinikoki hilda dago, baina arnasketa artifizialarekin mantentzen dugu» adierazi zuen Abdul Qadir neurozirujauak. Gaur erabaki behar zuten deskonektatu ala ez.

Halaber, motorrean zihoazen bi gizonek tiro egin zuten txertoak jartzen zituzten lau emakumeren aurka, baina ez zituzten jo.

Joan den astelehenean gizon bat eta bost emakume -horietako bat 14 urtekoa- hil zituzten. Eraso horien aurrean, Unicefek eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) poliomielitisaren aurkako jarduerak bertan behera utzi dituzte Pakistan osoan, Michael Coleman Unicefeko bozeramaileak azaldu zuenez.

Boluntarioei materiala banatzen dieten agintari pakistandarrek Sind eta Khyber Pakhtunkwa probintzietan ere eten egin dute kanpaina.

Unicefek eta OMEk erasoak salatu dituzte, «Pakistango herritar kalteberak, batez ere haurrak, zainketa oinarrizkoenak gabe uzten dituztelako». Inork ez zituen erasoak bere gain hartu, baina talibanek antolatuak direla uste dute.

Endemikoa Pakistanen

OMEren datuen arabera, iaz 198 poliomielitis kasu izan ziren Pakistanen, azken urteotako daturik txarrena. Aurten beste 56 kasu ezagutu dira, batez ere ipar-mendebaldean, pashtun etnia gehiengoa den eskualdean, matxino milizien aurkako gerrako lehenengo lerroan.

Poliomielitisa birusen bidez hedatzen da. Gaitz horrek nerbio-sistema zentrala kaltetzen du eta paralisia eragiten du. Polioa endemikoa den herri bakarrenetakoa da Pakistan, Afganistan eta Nigeriarekin batera.

Iman batzuen eta islamista matxinatuen presioa dela-eta, milaka familiatan gurasoek oraindik ez dute nahi euren seme-alabek polioaren aurkako txertoa jasotzea.

Imanek publikoki adierazi dute txerto horren aurkako jarrera, txerriaren osagaiak dituelakoan eta jasotzen dutenak antzu geratzen direlakoan. Gainera, Mendebaldeak musulmanak ahultzeko helburuarekin kanpaina hauek ordaintzen dituela esaten dute. Taliban buruek ere euren kontrolpean dauden lurraldeetan txertatzea debekatu egin dute, eta horretan laguntzen dutenak espioiak direla salatzen dute.

Izan ere, AEBek kanpaina humanitarioak estalgarri moduan erabili dituzte hainbat operazio sekretu aurrera eramateko.

Bin Laden hiltzeko operazioa

Eta horien artean ezagunena Osama Bin Laden hiltzeko erabili zutena izan zen, «Afridi auzia». Pakistango epaitegi batek Shakeel Afridi mediku pakistandarrari 33 urteko kartzela zigorra jarri zion CIAk antolatutako txerto kanpaina faltsu batean parte hartzeagatik.

Hepatitis B gaitzaren aurkako sasikanpaina bat antolatu zuen CIAk Pakistango ipar-mendebaldean. Txertoa jaso behar zutenei odol laginak ateratzen zizkieten. Modu horretan, odol ateratzeen bidez, Bin Laden Abotabaden zegoela ziurtatu nahi zuten, bere familiaren DNAren laginak aurkituz. Afridik 2011ko martxoan egindako kanpaina honetan lagundu egin zuen. Handik gutxira, Bin Laden hil zuen operazioa burutu zuen AEBetako Armadaren talde berezi batek.

MSFren salaketa

Operazio horren ondoren, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak CIAren sasikanpaina salatu zuen: «Mediku laguntzaren abusu arriskutsua da, osasun erakundeenganako eta langile humanitarioenganako konfiantza mehatxatzen duelako, eta konfiantza hori ezinbestekoa dugu herritarrei oinarrizko osasun zerbitzuak eskaintzeko».

«CIAk ustez antolatu duen txertatze kanpaina faltsua mediku jardueraren manipulazio larria da», adierazi zuen MSFko zuzendaria den Unni Karaunakara doktoreak.

Erakunde horrek azaldu duenez, mediku laguntza horrela erabiltzeak arriskuan jartzen ditu benetan osasun zerbitzuak eskaintzen ari diren pertsonak, eta «ekintza mediku bat helburu militarrak betetzeko asmo bakarrarekin egiteak mediku etika urratzen du», gaineratu zuen.

zortzi hildako

Atzo beste hiru pertsona hil zituzten tiroz, txertatze kanpainaren aurkako erasoetan. Aste honetan zortzi pertsona hil dira dagoeneko ustez talibanek egindako atentatuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo