Garoņaren gaineko eztabaida deitoragarria
Atzo goizean, Jose Manuel Soria Industria ministro espainiarrak esan zuen prozedura bat abiatuko duela Nuclenorren kontra Garoñako zentral nuklearraren itxiera aurreratzen badu. Arratsaldean, Madrilgo Kongresuak erregai nuklearrei zergak handitzea onartu zuen. Zentralaren jabeak dioenez neurri horrek «merkatutik kanpo» utziko du, horregatik jakinarazi zuen urtea amaitu baino lehen txiko duela, 2013ko uztailean itxi beharrean. Gobernuak zentralaren jarduna luzatzea nahi du, baina Nucleorrek ez du baldintza horietan nahi. Garoña itxita egon behar zuen honezkero, baina PSOEren Gobernuari esker -alderdi horrek emandako hitza jan zuen eta- 2013 arte jarraitzea lortu zuen. Ondoren, PPren Gobernuak 2019 arte zabalik jarraitzea ahalbidetu zuen. Baina Nuclenorrek zentrala ixtea erabaki izana ez da halako batean ingurumenerako eta herritarrentzako arriskuaz kontzientzia hartzearen ondorio, etekinen kalkuluaren ondorio baizik. Tamalgarria da zentral horren etorkizunaren gaineko eztabaida interes politiko eta pribatuetara murriztu izana, herritarren interesei, bereziki zentralaren eragin handiena jasaten dutenenei, eta haien borondateari muzin eginda. Izan ere, herritar horiek argi utzi dute eztabaidak ez duela izan behar erregai nuklearrei zergak handitzea edo ez, ingurumenaren eta pertsonen osasuna bermatzeko erabakien gainekoa baizik.