GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSErekin aurrekontuak onartzea Gipuzkoarentzat ona dela dio Garitanok

Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko Bildu, Aralar eta PSEk lorturiko akordioa herrialdearentzat ona dela nabarmendu zuen atzo Martin Garitano ahaldun nagusiak. Horrekin batera, EAJren jarrera kritikatu zuen aurrekontuak hondakinen auziarekin lotzen saiatzeagatik.

p014_f01_148x108.jpg

GARA |

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko aurrekontuak onartu ahal izango dituelako bere poza adierazi zuen atzo herrialdeko diputatu nagusi Martin Garitanok. «Gobernu taldeak PSE, Bildu eta Aralarrekin lortutako akordioak ahalbidetuko du datorren astean Foru Gobernu honek aurkeztutako aurrekontuak, adostutako zuzenketekin aberastuta, aurrera atera ahal izatea», nabarmendu zuen.

PSErekin lorturiko akordioari esker, hasieratik jarritako helburua bete dutela adierazi zuen Garitanok. «Akordioaren muina lurralde garapena eta enplegua dira, eta, akordioa posible izan baldin bada, hitzartutako planteamenduak Foru Gobernuak dituenekin bat datozelako eta bi aldeak zuzenketak adosteko garaian lanean gogotsu aritu garelako izan da. Aldundiari dagokion tamainan, Gipuzkoako ekonomia eta ehun produktiboari laguntzeko bide emango dute aurrekontuok», esan zuen Garitanok. Horrekin batera, EAJ kritikatu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak, «akordioa baldintzatzen saiatu delako, lortu ez badu ere».

«Gobernuak argi du hondakinen inguruko akordioa lortzea ona dela, desiragarria, eta, hain zuzen, horregatik erabaki zuen gaia aurrekontuen eztabaidagatik ateratzea, eztabaida horrek ez baitu aurrekontuekin zerikusirik. EAJ kontrako norabidean aritu da, baina ez du bere helburua lortu», adierazi zuen Garitanok.

Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundia 2013ko aurrekontuak onartuko dituen lehen erakundea izango dela azpimarratu zuen, Araban atzera bota dituztela gogoratuz. «Horrek Gipuzkoako Aldundiaren gaitasuna erakusten du», esan zuen Martin Garitanok. Izan ere, egoera ekonomiko zail batean, aurrekontuak onartzeko erronkari aurre egin diote Gipuzkoan Garitanoren ustez, funtsezko bi helburu lortuz: gizarte politika bultzatzea eta Madrildik inposatu nahi diren murrizketei aurre egitea.

«Aldundiak lanean jarraituko du, indarberriturik ekingo dio datorren urteari, eta, orain arte bezala, Gipuzkoak dituen erronkei elkarlanean egin nahi die aurre, bai hondakinen kudeaketan, bai fiskalitatean bai errepideen finantziazioan», nabarmendu zuen Garitanok.

UPyDko parlamentari Gorka Maneirok, ordea, Gipuzkoako akordioa «lotsagarritzat» jo zuen atzo. PSEri «zinegotzi sozialistak hil dituztela ahaztu zaiola» dirudiela adierazi zuen Maneirok.

ABSTENTZIOA

PSEk GARAri azaldu dionez, Bildurekin aurrekontuen bozketan abstenitzea adostu dute, iaz EAJk egin bezala. Dena den, aurrekontuak onartzea bermatzen du erabaki horrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo