GARA > Idatzia > Kultura

«Harremanen ezina» bildu du Itxaso Araquek bere lehen nobelan

Augustin Zubikarai bekari esker argitaratu du Itxaso Araque donostiarrak bere lehen liburua. Hiru pertsonaia eta hiru istorio tartekatzen ditu «harremanen ezina» eta «printzipio, amets, asmo eta ekintzen arteko desoreka» oinarri dituen «Damutzen ez direnak» eleberrian.

p044_f02_97x196.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Izan nahi genuena eta garena eta gure kontraesanek harremanetan sorrarazten dizkiguten talkak bildu ditu Itxaso Araquek (Donostia, 1988) bere lehen nobelan, «Damutzen ez direnak» (Elkar). Hiru pertsonaia eta hiru istorio, berezko loturarik ez dutenak baina finean euren buruarekin inflexio puntu batean aurkitzen diren hiru protagonista. «Denak 30 urteren bueltan dabiltza. Hasieran pentsatzen zuten zerbait kontrajarri egiten da eta puntu arazotsu batean kokatzen dira, ez dakite aurrera edo atzera jo», azaldu zuen idazleak.

Tituluagatik galdetuta, esan zuen bere ustetan «damutu esaten dugunean, esan nahi dugu errudun sentitzen garela eta bi gauza ezberdin dira. Errudun sentitzea moralarekin lotutako zerbait da eta damutzea etereoagoa da; gure buruan fikzio batzuk sortzen ditugu `eta hau egin izan banu? eta hau?', baina azkenean fikzio horiek ez dira sortu. Damutzeak horregatik ez du zentzurik».

Londres, Berlin, Milan

Europako hiru hiri hauetan kokatu ditu Araquek pertsonaiak. Liburuko kapitulu bakoitzak hiru atal ditu, pertsonaia bakoitzari dagozkionak. Andreas Berlinen bizi da, arkitektoa da eta gaztetan Bahaus berri bat sortzea zuen amets, ideal komunistekin, jende umilarentzat etxe politak eginez. Baina eraikuntza konpainia handi batentzat egiten du lan, eta Hilton hotel bat eraikitzen ari da.

Istorio hau Berlinek harresia eroriz geroztik izan duen bilakaera kontatzeko baliatzen du idazleak, «gentrifikazioaren eredu krudelenetako bat» bezala aurkeztuz; hau da, txiroak erdigunetik gertu dauden auzo hondatuetatik bidaltzea, aberatsek bertan auzo berriak sor ditzaten.

Stuart erdi-mailako familia batetik dator eta Londresen bizi da. Inbertsio banku handi batean egiten du lan, unibertsitateko zorrak ordaindu ahal izateko. Neska-lagunak utzi egingo du eta narratzailea neska bera izango da, modu subjektiboan Stuarten bizitakoak kontatuko dituena, esanez mutila aldatu egin dela, city-ak xurgatu egin duela.

Hirugarrena, Naroa, donostiarra da baina Bartzelonan bizi da mutil-lagun italiarrarekin. Honek Italiara itzuli nahi du eta berarekin joango da, baina harremana asko zapuztuko da. Naroak ez ditu irensten mutilaren familiaren hainbat kontu, maitale bat ere sortuko zaio...

Azkenean, «harremanen ezina kontatzen da. Gaur egun nola ezin ditugun mantendu nahi ditugun harremanak», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo