GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurra eta Etxebizitzaren Aldeko Kolektiboak etxe huts kopuruaren igoera salatu du

Azken 30 urteotan lurraren eta etxebizitzaren arazoak izandako bilakaeraren berri eman du kolektiboak txosten batean. 1968an Ipar Euskal Herrian 14.000 bigarren etxebizitza eta etxe huts bazeuden, 2009an 42.000 ziren.

p019_f02_097x116.jpg

A.B. | BAIONA

«Euskal Herria ez da salgai» leloa eskuetan zutela agerraldia egin zuten atzo Lurra eta Etxebizitzaren Aldeko Kolektiboko kideek Baionan, azken 30 urteotako datu ofizialak eskuan zituztela, «espekulazioak gure herria jaten» duela salatzeko. Egoera larria dela agerian jartzeko, «Etxebizitzaren aldeko urratsa Ipar Euskal Herrian: etxebizitza hutsen egoera» izenburua duen txostena kaleratu du kolektiboak. Bertan, besteak beste, azken 30 urteotan Ipar Euskal Herriko bigarren etxebizitza eta etxe hutsen kopurua hirukoiztu egin dela jasotzen da, 14.000tik 42.000ra pasatuz.

INSEE Frantziako Estatistika Institutu Nazionalaren, Gaindegiaren, Komertzio eta Industria Ganbararen, LAB sindikatuaren eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen datuetan oinarrituta, txostena hiru ataletan banatu dute: biztanleriaren bilakaera, lan sektoreen banaketa eta etxebizitza kopuruaren bilakaera.

«Txosten honetan jasotzen diren datu ofizialen arabera, espekulazioak gure herria jaten du», salatu zuten Inge Arin eta Aña Andiazabal kolektiboko ordezkariek. Egoera horretatik ateratzeko aterabideak azken atal batean bildu dituzte, eta, bertan argi utzi nahi izan dutenez, «zerbait aldatu nahi bada, aterabidea herriko etxeen eta euskal biztanleen esku dago». 2013ko urtarrilaren hasieratik goiti, txostena gizarteratzeko asmoa dauka kolektiboak.

Biltzar nagusi irekia

Lurra eta Etxebizitzaren Aldeko Kolektiboko webgunearen bidez, herritarrek eskuragarri izango dute txostena. Horrez gain, Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza bat duten pertsona ospetsu eta enpresa handiei txostena helaraziko diete egoeraren berri izan dezaten. Azkenik, botere publiko, alderdi politiko zein eragile sozialekin biltzeko asmoa ere badaukate. Ez hori bakarrik, martxoan auziaz eztabaidatzeko biltzar nagusi ireki bat antolatuko dute. «Legeak behar dira, aldaketa beharrezkoa da herriaren bizi iraupena bermatzeko», aldarrikatu zuten amaitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo