Aizkora I Urrezko lehiaketa
Txapeldunak indartsu hasi dira
Unai Otañok eta Joseba Otaegik iraupen proban erabaki zuten Joxemari Olasagastiren eta Donato Larretxearen aurkako norgehiagoka.
Jon LEUNDA I
Unai Otañok eta Joseba Otaegik irabazi egin zuten herenegun, Asteasun, Joxemari Olasagastiren eta Donato Larretxearen aurka, eta finalerdietara sailkatzeko urrats garrantzitsua egin zuten egungo txapeldunek.
Saioa oso polita atera zen, eta iraupen probara arte ez zen erabaki, ordura arte Olasagasti eta Larretxea aurretik joan baitziren. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lehen lana, eta 34 kolpetan erdibitu zuten enborra bi beteranoek. Egungo txapeldunek, berriz, lau kolpe gehiago behar izan zituzten.
Ondoren, 45 ontzako bi enbor zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren, bakoitzak bana ebaki behar izan zuen. 1.46 izan zen Olasagastiren eta Larretxearen denbora, eta hiru segundo gehiago behar izan zituzten Ibarrakoak eta Zizurkilgoak.
Hirugarren saioan, kana-erdikoa zutik jarrita erdibitu behar izan zuten, eta berriro ere bi beteranoek irabazi zuten. 1.41 izan zen beraien denbora, eta zazpi segundo gehiago behar izan zituzten irabazleek.
Laugarrengoan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu izan zen proba, eta hor Unai Otaño eta Joseba Otaegi gailendu ziren. Minutu bat eta 48 segundo behar izan zituzten lana amaitzeko, eta aurkariek, berriz, bi minutu eta bi segundo behar izan zituzten. Aurka zuten aldea murriztu ahal izan zuten, baina bi beteranoek aurretik jarraitzen zuten, ordura arteko denbora guztiak batu ostean.
Bosgarren ekinaldian, bikote bakoitzak 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita erdibitu behar izan zituzten, eta alde handi samarra kendu zieten Joxemari Olasagastik eta Donato Larretxeak. Beraien lanak 2 minutu eta 28 segundoan amaitu zituzten, eta 34 segundoko tartea kendu zieten Unai Otañori eta Joseba Otaegiri. Azkeneko lana bakarrik geratzen zen, eta bi beteranoek aurretik jarraitzen zuten.
Azken lana iraupen probakoa izan zen, eta bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako moztu behar zituen, eta egungo txapeldunek aurka zuten aldeari buelta ematea lortu zuten, eta txapelketako lehen puntua eskuratu ahal izan zuten.
Azkeneko probako lan guztiak amaitzeko, 9 minutu eta 8 segundo behar izan zituzten, eta aurka zuten aldeari buelta eman zioten, hain zuzen, bi beteranoek, 11 minutu eta 43 segundo behar izan zituzten beren azkeneko lanak amaitzeko.
Lan guztiak bukatzeko, beraz, 18 minutu eta 13 segundo behar izan zituzten irabazleek, eta Olasagastik eta Larretxeak, berriz, 20 minutu eta 24 segundo. Beraz, puntu bat izan zen Otaegirentzat eta Otañorentzat, eta Olasagasti eta Larretxea punturik gabe geratu ziren.
Urrezko Aizkorak larunbatean, Deban, eta igandean, Elorrion, izango ditu bi saio.
Larunbatean Deban, 12.00etatik aurrera jokatuko da A multzoko jardunaldia. Bertan, Nazabal eta Zubiaga Atutxa II.aren eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dira. Azken hauentzat lehenengo norgehiagoka izango da. Nazabalek eta Zubiagak irabazten badute, finalerdietara sailkatuko dira, eta multzoko onenak izango dira.
Bigarren saioa igandean jokatuko da Elorrioko Gazeta auzoan. Bertan, Otaegi eta Otaño Rekondoren eta Erasunen aurka neurtuko dira, B multzoko saioan. Azken hauentzat lehen neurketa izango da, eta bigarrena, berriz, lehenengoentzat. Otaegik eta Otañok irabazten badute finalerdietan izateko txartela seguru izango dute, eta multzoko lehenengo izango dira. J.L.