Lehendakarien urte amaierako mezuak: gatzik gabe eta prefabrikatutako esaldiez lepo
Urte amaierako mezu telebisatuak, oro har, ohikeria informatiboaren erreinuko antzezlanak izan ohi dira. Publirreportaje baten antzera, promesak eta aitzakiarik gabeko hitz potoloak ez dira falta. Kea da nagusi kiskaltzen duen errealitate sozioekonomiko eta politiko batez ari direnean. EAEko eta Nafarroako lehendakariek, norbera bere ñabardura eta interpretaziorako ahalmenen arabera -eta egiari egia zor, bi kasuetan aski mugatua- ez ziren bere diskurtsoetan gidoitik aldendu. Gatzik gabeko eta prefabrikatutako esaldiekin lepo biak ala biak. Sakrifizioen garaia dela azpimarratu zuten, Alonsotegiko politikariak esan legez, «gerrikoa estutzeko uneak». Honek bi urteko estualdi baten epea iragarri, eta Barcinak, «gehiago eta hobeto lan egiteko» gonbita egin zuen.
EAJko lehendakariak «Euskadi nazio legez Europan haztea» proposatu zuen. Eta hartara, adostera eta ezberdinen artean batzera deitu zuen. Errima polita duen bertsoa josi zuen, eta agian, gisako diskurtso bati ezin zaio gehiago eskatu. Urtea, ordea, amaitu amaitu egin da. Egitasmo horiek ekintza gauzagarri ez bilakatzeko aitzakiak bezala.