GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Batasunaren agurra

Batasuna izeneko indar politikoaren agurraren une honetan, batasunaren indar politikoa azpimarratu beharra dago. Kritikaren eta batasunaren arteko oreka izanen da etorkizunaren gakoetako bat

Lurrikara izugarria gertatu da Euskal Herrian. Aurreko garaietako hainbat joera aldarazi eta aro politiko berrira abiatu da gure herria. Espainiar eta frantziar estatuek sinetsia zuten zepoan ezarririk gintuztela eta oraingoz ez dute ulertu nola egin dugun ihesi irteerarik ez omen zuen zulo horretatik.

Niri ere kostatu zait gertatu dena irenstea, alimaleko aldaketak gertatu direlako une laburrean. Ez gaude, edonola ere, mirakulu baten aitzin. Ongi hartutako erabakiak eta jendearen lana dira gakoak. Eta espainiar eta frantziar estatuen harrokeriak lagundu du, sobera goiz ospatu baitzuten lortuta ez zuten garaipena.

Egindako apustuek, amildegira eramaten gintuen ibilbide okerra zuzendu eta egokitu zuten. Ez dut uste gure buruarekin gezurretan ibili behar dugunik: norabide aldaketa zorrotza behar zen, bide makurretik gindoazelako. Orain, berriz, oso bestelakoa da egoera. Argia eta iluna, jakina, alde onuragarri eta jende batzuen ustetan kritika merezi duten joera eta erabakiak agertzen direlarik. Baratzean denak ez dira loreak. Baina baratzea dugu, ez deser- tua. Eta ezker abertzaleak hainbat urtetan segitu zuen estrategiak desertura ginderamatzan. Orain, berriz, urrats berriak egiteko baldintzak sortu ditugu, beste batzuekin batera gure herria aldaketa baten atarian jarriz.

Gaur egungo egoera edota egun hartzen diren erabakien edozein kritikak, ene ustetan, aipatutakoa hartu behar du aintzat. Hainbat erabaki hartzeko erak, gauzatzeko moduak, kritiken aurreko jarrera batzuk, ez dira batzuen gustukoak izan. Hainbat kasutan, ezta nire gustukoak ere. Eta? Zer da mugimendu politiko batekiko atxikimendua? Zer da ideia batzuekiko konpromisoa? Kasu guzietan, forma guziekin, hitz guzien inguruan ados egotea? Ez, ez dut nik hola ikusten, bederen. Ez nuen ere horrela ulertzen aurreko hainbat unetan, hartzen ziren erabakiekin (hobe esanda, hartzen ez zirenekin) askoz ere kritikoagoa nintzelarik.

Baina zerbait argi gelditu baldin bada urteotako ibilbide emankor honetan, ahalegin komunaren garrantzia da. Kritika ezin da inoiz lan komunari ihes egiteko aitzakia izan. Kritika ezin da inoiz ere auzolanaren gainetik interes indibiduala jartzeko parada bilakatu. Kritika, ona ez ezik, ezinbestekoa ere bada. Kritikarik gabe ez gara inora iritsiko. Kritikak ahalbidetu zuen lurrikara, estrategiaren egokitzapenaren gakoa izan zelako. Baina kritikak min egiten du subjektu komuna arriskuan jartzen duenean. Horregatik, Batasunaren desagerpena iragarri den honetan, komeni da oroitzea elkarrekin iritsi garela hona. Elkarrekin jarraitzeko determinazioak indartu gaitu, une latzenetan ere. Elkarrekin, eztabaidatzen ari ginenean ere, jarraitu dugu bidean, norabidea elkarrekin aldatuz. Izan ere, aro berria ez da soilik azken urteotako urratsen fruitua, hamarkadetako borrokaren ondorioa baizik.

Batasuna izeneko indar politikoaren agurraren une honetan, batasunaren indar politikoa azpimarratu beharra dago. Kritikaren eta batasunaren arteko oreka izanen da etorkizunaren gakoetako bat. Espainiar eta frantziar nazionalistek badakite, eta batasuna eta kritika elkarren kontra jartzen lagunduko dute, zalantzarik gabe, lurrikara neutralizatu nahian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo