GARA > Idatzia > Kultura

Atxaga, Cano eta Uribe, euskal literaturaren enbaxadoreak

Argitaletxeak jo eta ke aritzen dira Durangoko Azokarako azken argitalpenak kaleratzeko, denbora tiraka dutela. Urtea amaitzean, berriz, barealdia iritsita, fruituak jasotzeko unea heltzen da. Urte hasieran ikusten da azken hilabeteetan egindako lanak zer-nolako erantzuna jasotzen duen.

p042_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Literatura ororen garaipena tokiko mugak gainditzea eta lurralde berrietan zehar hedatzea da, eta euskal literaturak horretan badu zeresanik. Unai Elorriagak Estatu espainiarreko Narratiba Saria eskuratu zuen 2002an «SPrako tranbia» (Elkar) nobelarekin , eta ondoren Aitzol Aramaio zuzendariak «Un poco de chocolate» (2008) filma egin zuen liburuko orrialdetan jasotzen zen istorioa kontatuz. Gaztelaniazko bertsioa, «Un tranvía en SP» Alfaguara argitaletxearen eskutik iritsi zen eta ondoren mundu osora zabaldu zen.

Bide bera hartu zuen Kirmen Uribek 2009an. «Bilbao-New York-Bilbao» lehenengo nobelak Narratiba Saria jaso ostean itzulpenak iritsi eta mundu osoa jarri zuen bere testuei begira. Honen inguruan jaso dugun azken berria Japonian izan duen arrakastaren ingurukoa da. Izan ere, «Mainichi» egunkariak -herrialdeko handienetakoa- eleberria iaz japonierara itzulitako hiru liburu onenen artean kokatu du.

2012. urte amaieran Uribek bere bigarren eleberria kaleratu zuen «Mussche» izenarekin (Susa), Euskal Herritik gerraren izugarrikeriatik ihesean Belgikara joandako haurretako bat etxean hartu zuen idazle baten ingurukoa. Durangoko Azokako datuen arabera, lau egunetan gehien saldu zen eleberria izan zen, arrakasta izango duen seinale argia. Argitaratu aurretik gaztelaniazko itzulpena hitzartuta zuen Seix-Barral argitaletxearekin. Martxoaren 12an helduko da merkatura «Lo que mueve el mundo» izenburuarekin. Uribek azaldu zion GARAri izenburu poetikoagoa daramala gaztelaniaz, baina euskaraz «Mundua mugiarazten duen zera» ez zitzaiola gustatzen eta protagonistaren abizena erabiltzea erabaki zuen: Mussche. Hala ere, argi utzi zuen gaztelaniazko izenburuarekin zertaz ari den, «dirua? ez, maitasunak mugitzen du mundua».

Seix-barral argitaletxeak sekulako apustua egin du «Lo que mueve el mundo» eleberriaren alde. Argitaletxetik bertatik azaldutakoaren arabera, 25.000 ale kaleratuko dituzte lehenengo edizioan, iruditzen zaielako Sant Jordi egunaren ospakizunerako (apirilak 23) liburu aproposa dela. Martxoaren 12an ere Edicions 62 eta Xerais argitaletxeek, hurrenez hurren, katalanez eta galegoz kaleratuko dituzte itzulpenak. Martxoan Londresko liburu azokan ere izango da «Mussche» eta bertan hizkuntza gehiagotara itzultzeko bideak bilatuko dituzte. «Frantsesez segur aski egingo dugu, eta ondoren nahi nuke ingelesez, alemanez eta nederlanderaz egin», esan zuen Uribek. Susa argitaletxearen eskutik ere iritsi zitzaigun 2011ko Durangoko Azokara Harkaitz Canoren «Twist» nobela beltz arrakastatsua. 2012ko Euskadi Literatura Saria lortu zuen horrekin, eta orain Seix-Barral argitaletxearekin estatu mailara emango du pausoa otsailean.

Eskarmentuaren hitza

Alabaina, euskal literatura eta itzulpenez ari garela, ezin dugu Bernardo Atxaga atzean utzi, gure idazlerik «itzuliena» baita. Urte honetan zehar bakarrik, atzera begiratu gabe, beste hizkuntzetan argitaratuko dituzten lanei erreparatuz, jada zerrenda txukuna osatzen du Atxagak. Alde batetik, Euskal Herrian antzezlan bihurtu duten «Soinujolearen semea» eleberria Grezian aterako da udaberrian, Ekremes argitaletxearen eskutik. «Zazpi etxe frantzian», ordea, Danimarkan kaleratuko du Moeler etxeak eta Kalandrakak hori bera egingo du Portugalen. Kaleratutako azken lanari dagokionez, «Paradisua eta katuak» liburu eta DVDa, gaztelaniara itzuliko du Circulo de Bellas Artes de Madrid argitaletxeak.

Haur literaturan lorpen handia eskuratu du; Europako fikzio onenaren antologiaren barnean («Best European Fiction 2013» bilduma) bere ipuin «Pirpo eta Txanberlain, hiltzaileak» ingelesez kaleratzea. Horrez gain, «Xola» bildumako lau liburuak batu eta «Shola stories» izenburupean publikatuko du Pushkin Pressek ingelesez.

Haruki Murakami eta Asa Larsson, 2013rako nobedadeak

Gaztelaniazko merkatuan, euskaratik itzulitakoez gain, izango dira beste argitalpen asko ere. Fikziozko liburuen artean, Haruki Murakamiren nobela berria “Despues del teremoto” (Tusquets) iritsiko da, baita Asa Larssonen “Sacrificio a Molok” (Seix-barral) ere. Hauekin batera liburu dendetan izango ditugu Sarah Laken “La isla de las mil fuentes” sailaren lehen atala (Ediciones B) eta “Los miserables” lanaren azken itzulpena (Castalia). Fikziozkoak ez diren testuen barnean, “Días de vi vida” (Pre-Textos) izango da deigarriena. Juan Ramon Jimenez poetak 1923an idazten hasi eta amaitu gabe utzi zuen autobiografiaren 1.000 orrialdetako lehenengo zatia da. Bigarren zatia, lehena bezain luzea, jada prestatzen ari dira. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo