GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Finalerdietarako txartelak banatzeko garaia heldu da

Gaur jokatuko da A multzoko bigarren jardunaldia Debako pilotalekuan; bihar, berriz, B multzoko bigarren ekinaldia izango da Elorrioko Gazeta auzoan

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran bi saio jokatuko dira. Gaur, 12.00etan Debako Aldats pilotalekuan jokatuko da A multzoko bigarren jardunaldia. Nazabalek eta Zubiagak Atutxa II.aren eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehen bikoarentzat bigarren neurketa izango da, joan den igandean mendean hartu baitzituzten Lopez eta Senosiain I.a. Horren arabera, gaur irabazten baldin badute, finalerdiak jokatzeko txartela segurtatuta izango lukete, baita multzoko lehen postua ere.

Bestetik, Atutxarentzat eta Mugertzarentzat lehen saioa izango da. Gaur galdu edo irabazi, beraiek azkeneko jardunaldian erabaki beharko dute dena. Hori bai, gaur garaipena lortzen baldin badute, multzoko sailkapen osoa azkeneko jardunaldian erabakiko da, orduan jokatu beharko baitute Lopezen eta Senosiain I.aren aurka. Galtzen badute, multzoko bigarren postua izango lukete jokoan, eta azkeneko jardunaldian erabaki beharko lukete hori ere.

Txapeldunak

Bihar 12.30ean jokatuko da Gazeta auzoan, Elorrion, B multzoko neurketa. Bertan Otaegi eta Otaño, egungo txapeldunak, Rekondoren eta Erasunen aurka neurtuko dira. Hemen ere beste multzoko egoera bera gertatzen da. Otaegik eta Otañok irabazten baldin badute, finalerdiak jokatzeko txartela segurtatuta izango lukete, baita beraien multzoko lehen postua ere.

Garaipena Erasunek eta Rekondok lortuko balute, dena azkeneko jardunaldian erabakikolitzateke. Bai multzoko sailkapena, eta ondorioz baita finalerdietara sailkatuko diren bikoteen zerrenda ere. Nafarrek galduko balute, azkeneko jardunaldian irabazi beharko lukete Olasagastiren eta Larretxearen aurka finalerdietan izan nahi baldin badute, bestela, bi beteranoek egingo lukete aurrera.

egoera

Gaur Nazabalek eta Zubiagak irabazten baldin badute eta bihar, Otañok eta Otaegik, finalerdiak jokatzeko txartela segurtatuta izango lukete guztiek, baita beren multzoko lehen postua ere.

berriak

Atutxa II.arentzat eta Mugertza II.arentzat lehendabiziko saioa izango da, baita Rekondorentzat eta Erasunentzat ere. Gutxienez ekinaldi bat irabazi behar dute aurrera egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo