Victor Jararen hiltzaileak, auzipetuta; baina haren heriotzaren erantzuleak ezagunak dira aspalditik
Berrogei urte joan dira Txileko Armadak, Salvador Allenderen Gobernuaren aurka altxatu ondoren, Victor Jara kantautore txiletarra atxilotu, zenbait egunetan zehar torturatu eta 44 tiro desarratu zizkionetik. Azkenik, urte dezente justizia eske eman ostean, Victor Jararen alargunak -eta harekin batera txiletarrek eta mundu osoak- ustez bere senarraren hilketan parte hartu zuten zazpi ofizial ohi auzipetuta ikusiko ditu. Epaileak AEBetan bizi den zortzigarren bat ere atxilotzeko agindua eman du. Berandu bada ere, bidezkoa da Victor Jara hil zutenak, zuzenki torturatu eta hil zutenak, identifikatu, auzipetu eta epaitzea. Gutxieneko justizia da. Berrogei urte igarota bada ere, kantautore txiletarrari eta bere sendiari, Txileko herriari eta egiari zor zaie prozesu hori. Berrogei urteko zigorgabetasunaren ondoren bada ere, beharrezkoa da egia osoa azalaratzea eta Jara eta gainerako biktimek jasandako ikaragarrikeriak aitortzea, bidezkoa delako eta halakorik berriro gertatzea saihesteko. Hala ere, Victor Jara eta beste hainbat txiletarren torturen eta heriotzaren erantzule politikoak, aginduak eman zituztenak, ezagunak dira aspaldi luzetik, Txilen eta munduan.