Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Steinbeck auzia
Suediako Akademiak 50 urtez sekretupean gordetzen ditu Literatura Nobel sarirako hautagaiak diren egileei buruzko informazioa. Duela egun batzuk 1962. urteari dagozkion artxiboak publiko egin zituzten, urte polemikoa zinez sariaren historian. Artxiboek erakusten dutenaren arabera, urte hartan 66 egile zeuden hautagaien artean, baina azken mozketa bost izenek bakarrik gainditu zuten: John Steinbeckek, Robert Gravesek, Lawrence Durrellek, Jean Anouilhek eta Karen Blixenek. Lehenengoak eraman zuen saria, baina dokumentuek agertzen dutenez, ez zen inondik inora hautagairik gogokoena. Hain zuzen, Akademiako kideak ez zeuden saria idazle estatubatuarrari ematearekin erabat eroso, baina gainerako hautagaiak, bestelako arrazoiak zirela medio, ez zitzaizkien aukera hobeak iruditzen.
Komunikabideek berek sorpresa handiz jaso zuten berria, eta Akademiak egindako «hanka sartzerik handiena» zela esan zuten. «The New York Times» egunkariak zehazki «bere libururik onenetan jadanik hain mugatua den bere dohaina bigarren mailako gogoeta filosofikoekin zapuztu» egiten duen egileari saria eman izana kritikatu zuen. Steinbeckek berak, Nobel saria merezi zuen galdetutakoan, ezezko biribil batekin erantzun zuen. Horrek, baina, ez zion sari-emate ekitaldira joatea eragotzi.
Aurreko urtean, 1961ean, Ivo Andriçinen eskuetara joan zen Nobel saria. Kasu honetan, idazle jugoslaviarra J.R.R. Tolkieni gailendu zitzaion. «Lord of the Rings» «maila handiko kontaketa moldeetara» ez zela iristen iritzita, Akademiak Tolkien ez saritzea erabaki zuen. Horrek ez du eragotzi 50 urte geroago bere lana arrakasta zinematografiko bihurtzea.