GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | EGIN TOPO ELKARTASUNEAN

«Hona etortzea ederra da ta etorri beharra tristea»

Hamasei urte, 250 agur baino gehiago, 1.800 bertsotik gora. Preso, senide, herria, besarkada, muxu... behin eta berriz erabiltzen diren errimak izanagatik ez dira gastatzen. Erabiltzen diren aldiro gehiago pisatzen dute, sendotu egiten dira. Etxeraten Oiartzungo bertso saioa klasiko bat da; zergati triste batek argitzen duen hitzordu ederra.

p002_f01_111x111.jpg

Amagoia MUJIKA

«Beste urtebete igaro zaigu ez da errez sinistea/ tokatu zaigu beste behin ere Oiartzuna iristea/ zein gogorra den itzalpea ta zein goxoa gerizpea/ saio honek e bi alde ditu hori da nere ustea/ hona etortzea ederra da ta etorri beharra tristea». Andoni Egañak hasierako agurrean kantatutakoak ondo jasotzen du Etxeraten urteroko saioaren muina. Saio ederra izaten da, hunkigarria, bertso dotorez jantzia, gozatzekoa. Hori, gerizpe goxoa. Baina hainbeste urtean -hamasei gutxienez- presoen eta iheslarien aldeko bertso saioa antolatu beharrak asko esan nahi du gure herriaren itzalpe ilun, hotz eta umel horri buruz.

Eta antolatzeko motiborik ez egotea nahiago, baina, bitartean, Jon Maiak kantatu bezala, «...ez gera inoren salbatzaileak bertsolariak gara gu/ elkartasuna rimatzen dugu ez degu nahi kerik saldu/ gure beharra dagon artean hemen kantatuko dugu». Eta kantatu zuten. Julio Soto, Amets Arzallus, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Hodei Barroso, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Andoni Egaña bertsolariak aritu ziren Unai Elizasuren gidaritzapean. Umoretik batzuetan, serioago beste askotan, zorrotz ale guztietan.

Lehenengo ariketan Arzallus, Barroso, Xamoa eta Egaña zutiarazi zituen gai-jartzaileak. Aurten ere, ia urtero bezala, opari berdina jaso dute Gabonetan. Horrela hasi zen Amets: «Gure etxean bada amona graziosa ta egoskorra/ nahiz eta beti deitu ohi digun nere azukre koskorra/ urtero dauka irudimena berdina ta derrigorra/ Abanderado kantzontzillo ta kamixeta interiorra». Jendeak barre egin zuen gustura. Eta algara, berriz, Egañaren errematearekin: «Ametsen eta Hodein bidetik doa nere pelajea/ nik Realeko kantzontzilloak ia urteroko ajea/ beti berdinak beti txuri-urdin sortzen zaidan korajea/ kantzontzillotan ere behar luke bigarren ekipajea».

Bertso berriak

Etxeraten urtarrileko saioa klasiko bat da. Ez ditu alferrik gastatu hamasei urte, 250 agurretik gora, 1.800 bertsotik gora. Eta errima gastatuenak, preso, senide, lagun, besarkada, muxu, herria... Hauxe, datu horien bueltan, Igor Elortzak kantatutakoa: «Elkartasuna ta besarkada senideak ta herria/ hitz hoien bueltan eman dugu guk gure ibilbide erdia/ baina kontzeptu berrik asmatzen zertan bota izerdia/ hutsunea ere egunero da zaharra baina berria».

Elortzak Maiarekin jardun zuen «betiko» hitz horien bueltan. Eta honela bukatu zuen saioa, «biok gogoa badugu noski hitz berritan ausartzeko/ bada garaia herri zahar honi bertso berriak jartzeko».

Presoekiko eta iheslariekiko elkartasuna neurri eta doinu desberdinetan marraztu zuten atzo bertsolariek, eta berriz ere argi utzi zuten zergatik diren hitzaren profesionalak eta hitzaren artistak. Datorren larunbatean Bilbon izango den manifestazioa, noski, oso presente egon zen. Bada bideo bat hegan, igerian edota oinez Bilbora joatera animatzen duena. Horren harira, Amets Arzallusek hiru ale aparteko josi zituen. Lehenengoan, «eta haizerik kutsatu gabe nahiz izan zangoko minez/ kalean libre gauden guztiak goazen Bilbora oinez», kantatu zuen. Bigarrenean, «oinez etorri ezin dutenak hartuak dauzkat begian/ itsaso baten beste aldean ez daudenak agerian/ erbestearen ezkutuetan baina bihotzen erdian/ nola ahazturik ez dauzkagun urrundurik bai agian/ etorri bitez izkutuan ta etor bitez igerian». Eta, hirugarrena: «Ez kalean ta ez erbestean egutegi bat atean/ zerraila hotsak goizez esnatuz hanka loturik katean/ batzuk Espainian desertuetan, batzuek Paris partean/ nahiz eta inork han ez ikusi guztiak pauso betean/ presoak baietz Bilbora etorri hegan ta amets batean». Oso txalotuak izan ziren Ametsen bertso hauek.

Maialenek aurreraxeago egindako bakarkako lanak ere baten baino gehiagoren barrena zimikatu zuen. Bikotea bisitatu eta kartzelatik etxera bueltan hark egindako galdera bat zekarren buruan ezin isildu, «izango al dugu haur bat?».

«Bi adin muga-mugako eta gure labanek bi aho/ galdera hori espero nuen ta beldurra nion klaro/ ausartu zera zu botatzen ta ni ikaratuta nago/ zu zeldan bertan eta ni berriz mila legua harago/ zuk dugu deitzen diozu baina gu-a zatituta dago», bota zuen lehena Lujanbiok. Eta, bigarrena, «Ilusioa izan liteke kartzelaren zirrikitu/ eta zu ere zure ametsetan urruna zera abitu/ hala diozu ta zergatik ez zertan ez haurdun gelditu/ nere beldurrak erabakiak ere bi alderdi ditu/ hirurak batu egingo gaitu edo hirurak zauritu».

Hunkitzeko aleak bai, baina barre egitekoak ere utzi zituen atzoko arratsaldeak. Esaterako, Igor Elortza eta Hodei Barroso irudikatu genituen urteko lehen egunean itsasoan sartuta, hotzak akabatzen. «Hodei egin zenuen zuk plan bat itzela/ sentitzen dut koskor bi hor behean daudela/ eta entzun dut klin klin egiten dutela/ atzo gintonikeko izotzek bezela», hasi zen Elortza. Eta, Barrosok, erantzun; «ba bai laguna gina horixe hori da/ ni ezin naiz ba egon azpira begira/ gure bi txoritxoak txikituta dida/ edo desagertu edo urtu egin dira».

Jon Maiak ere barrerako aitzakia asko eman zituen. Hasi berria dugun 2013ak zer emango ote duen jakin nahian hurbildu zitzaizkion Maia «pitonisari» gainontzeko bertsolariak. Maia oso eroso aritu zen «pitoliso» paperean, Sotok azkar bataiatu baitzuen. Ateraldi bikain asko izan zituen Maiak. Hodei Barrosoren txanda iritsi zenean, bere bolari begira jarri eta horrela kantatu zion Maiak: «Bolatxoakin erantzun nahi dut zure galdera zerrenda/ baina hodei bat dago gainean ta barroso ikusten da».

Eta berriz ere elkartu ziren hau eta beste Elorsoron, «aspaldiko» eta «berriz hemen» artean. Eta ea datorren urtean beste tokiren batean elkartzen diren opa zioten elkarri saioa amaitu zenean. Hodei Barrosori agurra lapurtuz, «iheslariak eta presoak zuendako bi muxu fin/ gaur zuentzako kantatu dugu eta hurrena zuekin».

ERRENTERIAKO GAZTEAK

«... ezin nituen burutik kendu Oreretako gazteak/ guztiontzako pakerik nola eztun ekarri pakeak/ berdin zait zeinen luzeak diren justiziaren kateak/ leiho baten barroteak/ zuentzat beti zabalik daude gure etxeko ateak», abestu zuen Xamoak.

BILBORAKO DEIA

«...kalea eta abenida ez omen da gauza bera/ diferentzia omen da bakoitzaren zabalera/... ni ere joango naiz gustora Bilbo aldera/ datorren larunbatean zuek guztion antzera/ orain arteko kaleak abenida bihurtzera», kantatu zuen Egañak.

MUXU HANDI BANA

«Presoen seme-alaba, aita eta ama/ kuadrillako laguna, oheko laztana/ esan behar denean askotan esana/ zaildu eta erraztu egiten da lana/ besterik gabe denoi muxu handi bana», bukatu zuen Igor Elortzak. Senideak oso gogoan izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo