GARA > Idatzia > Kultura

Minutularien zurezko laborategi txikiak ezkutatutako irudiak

Zarauzko Photomuseum museoak antzinako kaleko argazkilarien inguruko erakusketa prestatu du. Horien lana gertutik ezagutzeko aukera emango du egurrezko kamera handiekin jaietan unean bertan egindako zuri-beltzeko argazkiez eta argazkilarien beren irudiez osatutako bildumak. Otsailaren 17ra arte ikusi ahal izango da.

p047_f01.jpg

N.B. | ZARAUTZ

Argazki eta Zinema Museoak, Photomuseumek, «Minutulariak» erakusketa ireki zuen joan den asteartean. Otsailaren 17ra arte ikusi ahal izango ditugu Zarauzko erakusketa gunean garai bateko argazkilariek egiten zituzten lanak.

Minutulariak XX. mende hasieran herriz herri zurezko kamera handi batekin ibiltzen ziren argazkilariak ziren. Ospe handia zuen euren lanak, edozeinek erosteko modukoak zirenez, ordura arte argazkiak iristen ez ziren gizarte eremuetara iristen hasi zirelako.

Kutxa handi horietan -askotan argazkilariek eurek sortutakoak- laborategi txiki bat zeramaten. Modeloa kamera aurrean jartzen zen, aukeratutako dekoratuarekin. Batzuetan leku ospetsuen irudiak ziren (Parisko Eiffel dorrea edo Donostiako Alderdi Eder, adibidez), beste batzuetan zaldiak, hegazkinak, autoak edo itsasontziak, eta askotan mozorrotu egiten ziren alegiazko agertoki bat sortzeko.

Argazkilariek behatzak marroiak izaten zituzten erabiltzen zituzten produktu kimikoengatik. Argazkia ateratzeko modeloak geldi-geldi egon behar zuen, irudia ez baitzen bat-batean jasotzen. Argazkilariak erabakitzen zuen, inguruan zegoen argiaren arabera, zenbat denbora izan behar zuen irekita objektiboa, obturadorerik ez baitzen existitzen.

Jarraian eskuak kutxan sartu eta leiho txiki batetik prozesua kontrolatzen zuen bitartean, argazkia errebelatu egiten zuen. Irudia negatiboan agertzen zenez, honi argazkia ateratzen zion berriz eta berriro prozesu osoa egiterakoan irudia positiboan agertzen zen. Garbitu eta bezeroari ematen zion zuri-beltzeko irudia, oraindik bustita zegoela.

Gainbehera

Photomuseumeko erakusketan minutulariek ateratako argazki ugari ikus daitezke, baina baita minutularienak eurenak ere. Horietan ikus daiteke nola lan egiten zuten, baina baita pixkanaka izan zuten gainbehera ere.

Minutularien lanbidea mundu osoan zabaldu zen, 60ko hamarkadan pixkanaka desagertzen joan ziren arte. Galeriako argazkilariak kexuka hasi ziren lehenengo, horien jarduera bidegabeko lehiatzat jotzen zutelako. Beste protesta askoren artean, Gipuzkoan Willy Kochek, herrialdeko argazkilari profesionalen elkarteko buruak, gutun bat igorri zion Donostiako Udalali minutularien argazkigintza gutxietsiz. Minutulariek euren kabuz lan egiten bazuten ere, interes komunak defendatzeko elkarteak sortu zituzten.

Gerra Zibil osteko urteak ere zailak izan ziren. Urritasuna zela-eta, herritar askok enplegu batean baino gehiagotan aritu behar zuten, eta kaleko argazkilariak izugarri ugaldu ziren. Kamerak zaharrak ziren, gainera, eta materialak lortzea ez zen batere erraza. Minutulariak Leicazaleen lehia sumatzen hasi ziren. Azken hauek bezeroak kalean atzeman eta Leica kamera -edo 35 mm-ko kamera batekin- argazkiak atera eta hurrengo egunean etxera bidaltzen zizkieten. Minutulariak desagertzen joan baziren ere, Euskal Herrian aztarna utzi zuten. Durangon, adibidez, erromeria eta azoketan izaten ziren. Ezkurdiako plaza jai-gunea zen; han izaten ziren barrakak, dantzaldiak, postuak, eta han izaten ziren Servando Juez Reyes eta Miguel Ruiz Rueda minutulariak ere.

Egun, gutxi batzuk gelditzen dira, lanbide moduan baino afizio moduan argazkiak ateratzen jarraitzen dutenak. Hala ere, minutularien «urrezko aroko» dokumentuak ez dira oso anitzak. Lanbideari ez zitzaion eman zuen garrantzia argazkigintzaren baitan, eta ez dago altxor hauek gordetzen dituen fitxategirik. Familietan, ordea, badaude argazki zahar asko eta hauek dira, modu apal batean, erretratu horien artxibategi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo