GARA > Idatzia > Kultura

Verdini dantza taldeak 20. urteurrena ospatuko du «Zu zeu» ikuskizunarekin

p048_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Verdini dantza taldeak hogei urte beteko ditu datorren larunbatean eta hori ospatzeko ikuskizun berria eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Down sindromea duten dantzariek osaturiko konpainiak «Zu zeu» programa eskainiko du, «dibertitzeko eta hunkitzeko» sortua, Isabel Verdini sortzaileak azaldu duenez.

Ikuskizunak koreografia berriak eta 2000. urtetik gaur arteko emanaldien bideoak uztartuko ditu. Urte hauetan gazteek egindako ibilbidearen errepaso bat izango da eta izandako garapena ikusteko aukera.

«Ezgaitasuna zer den beste modu batera ikusi ahal izango da, publikoa beraiengandik gertuago sentituko da», adierazi zuen Verdinik prentsaurrekoan.

Sortzailearen esanetan, dantzariek teknikoki prestakuntza handia dute, baina onena zuzenean ikustea da, sentiberatasun handiz egiten dutela nabaritzen baita. Verdiniren iritziz, gizarteak oraindik lan handia egin behar du, askotan dantzariek Down sindromea dutelako ez dituztelako muntaketetan parte hartzeko hautatzen.

Horretaz gain, sortzaileak adierazi zuen zenbait instituzio publikorekin arazoak izan dituztela. «Dantza da, ezgaituekin egiten duguna eta, gainera, euskaraz. Mina ematen du diru-laguntza jasotzeko beharrezko puntuak biltzen ez ditugula entzuteak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo