GARA > Idatzia > Ekonomia

Alfako langileek protestekin jarraitzen dute, enpresaren jarrera aldatu nahian

Zuzendaritzak negoziazioari ekiteko modu bakarra mobilizazioa dela uste dute langileek. Bigarren greba eguna zuten atzokoa eta Bilbora eraman zuten euren aldarrikapena, konkurtso administrazioaren eta Kutxabanken aurrean bideragarritasun plan bat exijitzeko.

p026_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | EIBAR

Alfa taldeko langileek hilabeteak daramatzate zuzendaritzarekin tirabiran. Hasieran, soldata murrizketa zela medio, eta azken astean enpresak mahai gainean jarritako lan erregulazio espedientea dela-eta. Neurri horrek 87 langileren kaleratzea ekarriko luke, horregatik, mobilizazioei ekitea erabaki zuten. «Negoziazioa irekiko da presioa baldin badago», azpimarratu zuen atzo Jon Iparragirre LABeko Debagoieneko Metaleko ordezkariak, Bilbon eginiko elkarretaratzearen ostean.

Atzokoa bigarren greba eguna izan zuten Alfan eta protesta Kutxabank eta konkurtso administrazioaren aurrera eraman zuten. Bilbon egindako protestetan kaleratzeak baztertu eta bideragarritasun plan bat aurkezteko eskaera berretsi zuten.

Bihar izango dute hirugarren greba eguna eta Eibarren manifestazioa egingo dute 12.00etan, Unzaga plazatik abiatuta. Era berean, aurrera begira eramango duten agenda erabakitzeko bilera egin zuten atzo LABeko delegatuek.

Batasuna beharrezkoa

Alfa taldeko zazpi enpresetan zegoen deituta atzoko greba, eta Iparragirrek nabarmendu zuenez, erantzuna ezberdina izan zen batzuetan eta besteetan. Inalot, Mecanicas Mallabia eta Alfa Hogar-en jarraipena %100ekoa izan zen. Azkeneko bietan lan erregulazio espedientea aurkeztu du zuzendaritzak, 47 eta 26 langilerentzat hurrenez hurren.

Alfalan enpresan ere aurkeztu du espedientea, 13 langilerentzat. Grebaren jarraipena txikiagoa izan zen, ordea, enpresa horretan, soilik %37k egin baitzuen bat deialdiarekin. Bestalde, APC-n eta Alfa Arten %35ek eta Utilalfan %50ek egin zuten greba.

Iparragirrek esandakoaren arabera, espedienteak enpresa guztietan aurkeztu ez izanak eragin zuzena du grebaren jarraipena desorekatua izate horretan. «Alfak transmititu du kaleratzeak egongo direla enpresa guztietan, baina ez ditu denak batera egin nahi. Nahiko zuhurra izaten ari da», baieztatu zuen.

Ostera, gerora kaleratze eta espediente gehiago etorriko direla ziurtatu zuen, eta Alfa talde bat dela kontuan izanik, langileen erantzunak bateratua izan behar duela azpimarratu zuen. Langileek informaziorik ez duten arren, taldeak bideragarritasun plana «marraztuta» duela uste dute, horregatik, berau mahai gainean jarri eta negoziazioari ekiteko exijitu zioten zuzendaritzari.

sare gisa

Alfa taldeak kontu bateratuak ditu, eta ondorioz, enpresa guztiek dute erantzukizuna bata bestearen egoerarekiko. Horregatik, kaleratzeen aurrean, langileek ere sare gisa erantzun behar dutela uste du LABek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo