GARA > Idatzia > Mundua

Bederatzi hildako Kenyan, tribuen arteko borroken ondorioz

Komunitateen arteko gatazka berpiztu egin da Kenyan, eta bederatzi pertsona hil dira azken erasoetan. Orma eta pokomo tribuen arteko borrokek, nekazariak eta abeltzainak hurrenez hurren, erabat nahastu dute martxoan izango diren hauteskundeen aurreko giro politikoa.

GARA | NAIROBI

Bederatzi pertsona hil, zortzi zauritu eta hainbat etxe kiskalita geratu ziren atzo Kenyako hego-ekialdean, bertako tribuen arteko gatazkaren ondorioz. Polizia iturrien eta Gurutze Gorrikoen arabera, orma eta pokomo etnietako kideen arteko borrokak izan ziren, joan den abuztutik inguru horretan, Tana ibaiko deltan, gertatzen ari den modu berean.

David Kimayo Kenyako poliziaburuak iragarri du ikertzeko talde bat bidaliko dutela bertara, zehazki zer gertatu den jakiteko eta erasotzaileak atxilotzeko.

Caleb Kilunde Gurutze Gorriko kideak azaldu duenez, Nduru herrian -orma etniakoa- bi erasotzaile hil ziren eta hainbat zaurituk buruan ebakiak zituzten. Egoera lehertzeko zorian dagoela gaineratu du, eta herritarren artean mendekua gauzatzeko zurrumurruak hedatzen ari direla. Orma tribukoek euren hildakoak lurperatzen zituzten bitartean, hainbat pertsonak erasotzaileen gorpuak erre zituzten.

Joan den abenduan, orma -batez ere abeltzainak- eta pokomo -gehienak nekazariak- tribuen arteko borroken ondorioz, 45 lagun hil ziren. Eta horren aurretik, abuztutik irailera bitartean, ehun pertsona inguru hil ziren bi komunitateon arteko hainbat liskarretan eta horien segidako errepresalietan.

Hauteskundeak

Poliziak ez du azaldu azken erasoen arrazoia, baina susmoa du ez ote dauden lotuta datorren martxoaren 4an izango diren hauteskundeekin.

Joan den abenduan Katoo Ole Metito Barne Segurtasun ministroak eskualde horretara bisita egin zuen eta etnien arteko gatazka ez erabiltzeko eskatu zien politikariei. «Ez gara eserita geratuko ikusten badugu politikariek komunitateak indarkeriara bultzatzen dituztela», adierazi zuen. Datorren martxoan kenyarrek presidentea, parlamentua, gobernadoreak eta udal-kontseilariak hautatuko dituzte.

2007an, azken presidentetzarako hauteskundeetan Mwai Kibakik irabazi zuen Raila Odingaren aurretik, eta etnien arteko gatazka piztu zen. Mila pertsona baino gehiago hil ziren eta beste ehunka milek euren herriak utzi behar izan zituzten.

Azkenean, nazioarteko bitartekaritzaz, indarkeria gelditu egin zen eta Odingak gidatutako koalizio gobernua osatu zen.

Aurten hamabi hautagai daude, euren artean azken krisiaren protagonistak. Odingaz gain, Uhuru Kenyatta, Jomo Kenyatta Kenyako independentziaren aitaren semea, aurkeztuko da. Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2007ko indarkeriagatik salatu du Kenyatta.

politikoek eraginda

Orma eta pokomo tribuen artean aspalditik daude gatazkan, uraren eta bazkalekuen banaketa dela-eta. Baina Poliziak eta Giza Eskubideen aldeko taldeek uste dute azken erasoak hainbat politikarik piztu dituztela. Modu horretan, datozen hauteskundeetan ustez euren aurkarien aldeko botoa emango duten herritarrak baztertu nahi dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo