GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Himalaia Esloveniako Alpinista Gazteen Taldea

Janak mendiaren mendebaldeko aurpegia lehen aldiz igo dute

Pasa den urrian, Nejc Marcic eta Luka Strazar alpinista esloveniarrek «Modri dirkac» marra zabaldu zuten Himalaiako zazpimilakoan. Bi egun behar izan zituzten 1.400 metroko marra berria sortzeko. Estilo alpinoan M4 eta 80 graduko zailtasun teknikoei egin zieten aurre.

p040_f01_148x249.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ez da Esloveniako alpinisten harrobia oso oparoa dela aipatzen dugun lehen aldia, eta ziur izan ez dela azkena izango. Lerrootako protagonistak, adibidez, horren isla dira: Nejc Marcic eta Luka Strazar dira, eta, gazteak badira ere, argi asko erakutsi dute alpinismoaren lehen lerroan direla. Marcicek 27 urte ditu; Strazarrek, berriz, 24. Gazteak bai, baina maila handikoak. Datu esanguratsu bat emango dizuegu: bi esloveniar hauek iazko Frantziako Urrezko Pioleta jaso zuten K7 mendian (6.615 m) eginiko jarduerarengatik. Izan ere, sokada bikain honek mendiaren mendebaldeko aurpegian «The dreamers of the golden caves» bidea (VI/5, M5, A2, 1.600 m) zabaldu zuen era alpinoan.

Pasa den udazkenean, Marcic eta Strazar berriro lotu ziren soka berera. Alpinisten helburua Janak mendia (7.041 m, Himalaia, Nepal) izan zen. Eta aitortu behar zaie, beste behin, oso lan txukuna egin dutela. Aurkezpen gisa aurreratu behar dugu gazte hauek mendiaren mendebaldeko aurpegian lehen bidea zabaldu dutela. Hots, igo gabe zegoen pareta horretan. «Modri dirkac» du izena: 1.400 m, M4, 80 gradu. Marra berria sortzeko bi eguneko jarduna behar izan zuten, eta, esloveniar hauen eskalada guztietan bezala, urrikoan ere estilo alpinoa erabili zuten.

Jarduera berria amaitu bezain laster, Marcicek adierazi zuen K7 mendian eginikoa gogorragoa izan zela; hots, zailtasun tekniko handiagoak gainditu behar izan zituztela. Hala ere, dena eman behar izan zutela gaineratu zuen: «Teknikoki, bederen, ez da eskalada gogorra izan. Benetako arazoa hotza eta haizeteak izan ziren. Horrez gain, aipatu behar dut izotz oso gogorrari egin behar izan geniola aurre. Eta horrek buruhausteak eman zizkigun. Bi eguneko eskalada izan zen. Gailurra arratsaldeko ordu bietan zapaldu genuen, eta, bederatzi ordu geroago, kanpaleku aurreratuan geunden».

Nahiz eta K7 mendian eginikoarekin aldea dagoen, Marko Prezeljek, Esloveniako Alpinista Gazteen Taldeko buruak, bere bi «ikasleen» lana goraipatu nahi izan du: «Nejc eta Lukak argi utzi dute lozakuan geratzen diren horietakoak ez direla. Iaz Urrezko Pioleta jaso zuten, eta berriro beste helburu eder batzuen atzetik joan dira. Erabat motibatuta daude, eta horrek pozten nau. Iritzi publikoan sona duten xedeak albo batera uzten dituzte, eta beren ibilbide propioa egiten jarraitzen dute. Janak mendian lortu dutenarekin erakutsi dute helduak direla, eta horregatik txalotzen ditut».

Zuzen, ez

Marcic eta Strazarrek Lonak izeneko herrixka batean kanpaleku nagusia antolatu zuten; hau da, Kangchenjungaren kanpaleku nagusira doan trekkingaren puntu batean. Ibilbide luzea egin ondoren, ia inor ez dabilen Chikima glaziarrean, kanpaleku nagusi aurreratua altxatu zuten. Girora egokitzeko Lashar mendia (6.803 m) aukeratu zuten. Eguraldi traketsarengatik sokadak ezin izan zuen tontorra egin.

Ondoren, xede nagusira abiatu ziren. Berez mendebaldeko paretan marra zuzena zabaldu nahi zuten, baina eskuinera egin behar izan zuten elurraren baldintzak zirela-eta: «Duela zazpi urte, Andrej Stremfelj kideak couloir erakargarri bat ikusi zuen. Urtebete geroago, Rok Zalokarrekin batera, mendiaren lehen igoera sinatu zuen. Gailurrera heltzeko hego-mendebaldeko zutoina aukeratu eta helburua erdietsi zuten. Aipatu behar da azken urteotan hainbat espedizio Janak mendia igotzen saiatu direla. Tartean izan dira errumaniarrak, japoniarrak... baina esku hutsik geratu dira. Alabaina, aurreratu behar dugu horietako inork ez zuela mendebaldeko aurpegia hautatu».

Urriaren 21ean, esloveniar gazte hauek martxan jarri ziren. Paretaren erdian beren sormen-lana landu nahi zuten, baina ezinezkoa izan zen: «Aukera hori baztertu genuen, eta eskuinean dagoen beste marra batean sartu ginen. Elurraren baldintzak txarrak ziren. Egun osoa eskalatzen pasa ondoren, bidearen goi aldera iritsi ginen. Guztira 1.100 metro berri eskalatu genituen. Puntu horretan Stremfelj eta Zalokar kideen bidearekin bat egin genuen. Gailurrera soilik 300 metro falta zitzaizkigun».

Bibaka antolatu eta biharamunean aurrera jarraitu zuten. Zoritxarrez, haizete bolada indartsuak azaldu ziren: «Baldintza gogor horiek ikusita, argi genuen marra independente batetik segitzeko aukerarik ez genuela. Beraz, gure kideen bide bera jarraitu genuen. Kosta egin zitzaigun gure lehen asmoa alde batera uztea, baina hotzak eta haizeteek ez ziguten beste aukerarik eman. Gogorra izan zen oso gailurra zapaltzea, baina, azkenean, lortu egin genuen».

Ia atsedenik hartzeko betarik gabe, esloveniarrek jaitsierari ekin zioten. Gailurrean arratsaldeko ordu bietan ziren, eta, bederatzi ordu geroago, kanpaleku nagusi aurreratura heldu ziren: «Jaitsiera ere ez zen batere samurra izan. Makina bat rapel egin genituen, eta kanpalekura onik iritsi ginen. Hatzak zein behatzak hoztuta genituen, baina, zorionez, izozketarik ez dugu jasan».

Bigarren urtez jarraian, Marcic eta Strazarrek bi helburu handi erdietsi dituzte. Azkena Janak mendian igo gabe zegoen mendebal aurpegia izan da.

lehena

Nejc Maric eta Luka Strazar esloveniar gazteek Janak mendiaren mendebaldeko aurpegia lehen aldiz igo dute.

bi egun

Sokadak bi egun behar izan ditu «Modri dirkac» marra sortzeko: 1.400 m, M4, 80 gradu. Era alpinoan eskalatu dute.

Eiger mendiko «Heckmair» bidea era librean igo du Esloveniako hirukote batek

Marcic eta Strazar Himalaiako Janak mendian sormen-lanetan ibili diren bitartean, Esloveniako Alpinista Gazteen Taldeko beste kide batzuk Eiger mendian gogor estutzen aritu dira. Hirukote bat izan da, eta, aurrekoek bezala, hauek ere goi mailako alpinismoan ikusi ditugu. Protagonistak: Luka Kranjc, Luka Lindic eta Tadej Kriselj.

Bada, pasa den azaroan, hirukote honek «entrenamendu» gisa Eiger mendiko ipar horma aukeratu zuen. Xedea, «1983» edo «Heckmair» bidea. Hots, horma erraldoi horren marra klasikoa. Bide klasikoa eskalatu nahi zuten, baina, hori bai, era librean. Eta gazteen asmoa egia bihurtu zen: «Erronka horren bila abiatu ginen Eiger mendira. Eguraldia nahiko egonkor zegoen; beste era batera esanda, antizikloi indartsu batek bere lana egin zuen».

Alabaina, Kranj, Lindic eta Kriselj gazteek ondo baino hobeto estutu behar izan zuten; izan ere, paretak zituen baldintzak nahiko kaskarrak ziren. «Antizikloi horren onurak aprobetxatuz, hormaren bide klasikoan sartu ginen. Segituan ohartu ginen baldintzak ez zirela batere aproposak; hots, espero genituenak baino askoz ere txarragoak ziren. Lehen ezustekoa bidearen behe aldean izan genuen. Elurraren geruza nahiko desatsegina zen, eta, horren ondorioz, gurekin marra horretan sartu ziren suitzar batzuk erretiratu egin ziren. Guk, aldiz, segitzeko erabakia hartu genuen».

Nahiz eta paretaren baldintzek atzera egitea «aholkatu», esloveniarrak, pixkaka-pixkaka, metroak eskalatzen joan ziren. Mantso, oso mantso, egin zuten; guztira hiru egun behar izan zituzten marra klasiko hori eskalatu ahal izateko. Hori bai, era librean eskalatu zutenez, hirukote gazteak ez zituen erabili bidean zehar dauden soka finkoak; hots, «Artesi Zailean», «Hinterstoisser Zeharkaldian» eta «Irteerako Artesian» daudenak.

«Igoeraren ostean ohartu gara bide klasiko bat baldintza kaskarretan igotzea oso erronka ederra dela edozein alpinistarentzat. Sufritu dugu, baina baita gozatu ere. 1.800 metroko bide hori era librean eskalatu dugu: VI, 6a eta M6», adierazi dute. Gazteok Eiger menditik Patagoniara bidaiatu dute. Ziur, handik ere «sari» ederrak ekarriko dituztela. Andoni ARABAOLAZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo