boulderra Indartsu
Ander Mendietak bosgarren martxa jarrita dauka
Arrasateko gazteak Gabonetan sei egun egin zituen Albarracinen, eta, besteak beste, 8b+ zailtasuneko bi bloke erdietsi zituen: «Kimera» eta «Helicopters on beaches». Alabaina, haren ustez, biak ala biak 8b gradukoak dira. «Euskal dantza» (8a+) ere egin du.Andoni ARABAOLAZA
Orain dela aste batzuetako kronika batean Ander Mendietari buruz hitz egin genuen. Lerro haietan ikusten zen legez, boulderreko muturreko zailtasunean, eroso sentitzeaz gain, oso jarduera bikainak egiten ditu. 8b+ zailtasuneko hainbat bloke sinatu ditu dagoeneko; hots, nazioarte mailan beste espezialista batzuek bezala. Gainera, hori guztia gutxi izango balitz, 24 urteko arrasatearrak poltsikoratzen dituen zailtasun handiko korapiloak nahiko azkar lortzen ditu.
Kronika hartan aipatzen genuen Gabonetan operatu behar zutela, baina, azkenean, joan den asteazkenean egin zioten ebakuntza. «Dena ondo atera da, eta ondo nago. Orain jakin badakit hiruzpalau aste arroka ukitu gabe pasa beharko ditudala. Hala ere, rokodromoan entrenatzeko aukera izango dut», adierazi dio GARAri.
Aipatu dugun ebakuntza hori egin arte, Mendietak ondo baino hobeto aprobetxatu zituen Gabonetako egunak. Euskal blokezale askok bezala, arrasatearra ere Albarracinera abiatu zen. Han, jakina, korapilo ederrak eta zailak askatzeko aukera zabala du. Eta, berriro ere, gazte honek erakutsi du sasoiko zegoela.
Bai, indartsu, oso indartsu, Antton Zabalak, iazko Euskal Herriko Boulder Txapelketa irabazi zuenak, aipatu digunez: «Euskal Herritik makina bat lagun elkartu ginen Albarracinen. Eta aitortu behar dut Anderrek ahoa bete hortz utzi gintuela. Ez soilik euskaldunak, baita Espainiako Estatuko beste espezialista indartsu batzuk ere. Han zen, besteak beste, Ignasi Tarrazona, eta, baieztatu zidanez, Ander urrats bat aurretik ikusi zuen».
Sei egun besterik ez Albarracinen, eta Mendietak bi sari potolo ekarri zituen etxera. Albarracineko blokeko gidan biak ala biak 8b+ graduarekin azaltzen ziren. Lehena, «Kimera» (Arrastradero sektorean); eta bestea, «Helicopters on beaches» (Techos sektorean).
Horrenbestez, bi 8b+ sei eguneko bisitan poltsikoratzea sari ederra da, inondik inora. Azkar, oso azkar, erdietsitakoak biak. Hori bai, gaztearen jardunak beste eite bat izan du. Bi 8b+ graduko blokeak egin bai, baina jarraian gradua jaitsi zien. Bai, haren ustez, 8b dira egindako lorpenak.
Oso indartsu
«Ebakuntzaren aurretik nire azken lanak bukatu nahi nituen. Albarracin eremu oso ona da, eta sei eguneko jardunaren ondoren, uste dut bloke bikainak egiteko aukera izan dudala. Pozarren nago», esan digu Mendietak.
Lehen sariari, «Kimera» blokeari, dagokionez, aipatu behar da bi egunetan sinatu zuela. Arrastradero sektorean dagoen bloke hori estetikoa da eta garaiera handia du: «Nire ustetan, oso azkar askatu nuen korapilo hori. Lehen egunean arazotxo batzuk izan nituen orpo batekin, ze oin toki bat apurtu zen. Biharamunean berriro itzuli nintzen bloke horretara. Hiruzpalau saio egin nituen, eta azkenean atera zitzaidan. Hamar bat pauso izango ditu; guztiak ala guztiak, gainera luzeak eta nahiko arraroak. Oso sentsazio onak izan nituen 8b+ graduazioarekin aurkezten zen blokea oso erraz egin nuelako».
Bigarren saria, «Helicopters on beaches», pixka bat gehiago kostatu zitzaion. Guztira, arrasatearrak lau eguneko saioak behar izan zituen. Beste errepikatzaile batzuek ez bezala, Mendietak ere ez zuen Paul Robinson estatubatuarrak eginiko metodoa erabili. Beste era batera egin zuen Techos sektorean dagoen bloke hori. Egin bai, eta oker ez bagaude, arrasatearrarena laugarren errepikapena izango litzateke.
«`Kimera' baino pixka bat gehiago kostatu zitzaidan. Arazo batzuk izan nituen oinaren punta batekin. Behin eta berriz irrist egiten zidan. Behin egoera hori gaindituta, blokea ondo egin nuen», nabarmendu du Mendietak.
Bi sari horiek egin bezain pronto, gazteak pare bat buelta eman zizkion bloke horiei jarri zitzaien zailtasunari: «Graduazio hori izateko, nahiko azkar poltsikoratu nituen. Errazagoak direla iruditzen zait. Gradu bereko Larraonako beste bloke batzuekin alderatuta, bai, uste dut errazagoak direla. Haatik, nire uste soila da».
Albarracineko bisitan lortutako zerrenda aipatzen ari garenez, Mendietak aipatu digu Parking sektoreko «Zarzaparrilla» blokea (8b) ere egin zuela: «Ondo eta erraz egin nuen. Pauso luze batzuk ditu, eta amaiera erregeletak dira. Bloke hau egunean sinatu nuen».
Arrasatearra eta bere beste kide batzuk Urtezahar egunean itzuli ziren etxera. Festa horiek pasa bezain pronto, urtarrilaren lehen egunekin, Mendieta Larraonara hurbildu zen. Eremu horretara hurbildu zen, besteak beste, Markel anaiaren bloke bat buruan zuelako: «Euskal dantza» (8a+). Saiatu eta poltsikora beste bloke gogor bat sartu du: «Anaiak zabaldu zuen bloke hau, eta gogoa nuen hura egiteko. Zalantzarik gabe, Markelek bloke ederra zabaldu du».
Arrasatearraren ustez, bi bloke horiek 8b gradukoak dira. Horietaz gain, «Zarzaparrilla» blokea (8b) ere poltsikoratu du
Ander Mendietak 8b+ graduaz aurkeztutako bi bloke egin ditu Albarracinen: «Kimera» eta «Helicopters on beaches»