GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Lehen surflari britainiarra: Agatha Christie idazleari Lewis Rosenbergek kendu dio titulua

Britainia Handiko surfaren museoan leku berezia izan du orain artean Agatha Christie idazleak, zutik surf egin zuen lehen britainiarra zelakoan baitzeuden. Aldiz, berriki argitaratu dituzten film bateko irudiek lehen surflari britainiarra Lewis Rosenberg izan zela frogatu dute.

p046_f01_98x245.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

2011ko abuztuaren 15ean atal honetan bertan argitaratu genuen erreportaje batean Europako lehen surflaria Agatha Christie idazle britainiarra izan zitekeela azaldu genuen, eta surfarekin izan zuen harreman sakonaren berri ere eman genuen. Orain jakin ahal izan dugunez, aldiz, bere aurretik surf egin zuen europarrik ere izan zen, eta, gainera, lehen saiakera horien irudiak argitara atera dira.

Agatha Christie uretan

1930eko hamarkadan maiz bidaiatzen zuten Agatha Christie eta bere lagunek Ingalaterra hego-mendebaldeko kostaldera surf egitera. Bada Kornuallesko hondartza batean ateratako argazki famatu bat, eta, bertan, Agatha Christie zurezko taula handi baten ondoan ageri da (eskuineko argazki handia), garaiko bainujantzi tipiko bat jantzita.

Argazki hori oinarri hartuta idazle britainiarra Ingalaterrako lehen surflaria izan zela esan izan da, eta, ondorioz, zutik surf egin zuen lehen europarretako bat izan zela ere esan daiteke. Berriki dokumentu garrantzitsu bat argitaratu da, ordea. Hala, lorpen anitzeko idazle ezaguna izanagatik, orain artean bere egina zuten titulu bat kendu diote Christieri: zutik surf egin zuen lehen britainiarrarena, alegia.

Hala ere, beste titulu bat mantendu ahal izan du. Izan ere, lehen surflaria izan ez bazen ere, argitaratu berri den azken dokumentuaren ostean ere, Agatha Christiek Ingalaterrako ur hotzetan zutik surf egin zuen lehen emakumea izaten jarraitzen du. Beraz, bestelako frogarik agertzen ez den bitartean, Europako lehen emakume surflaria izan zela esan daiteke.

Antza, berriki dokumentu esanguratsu bat topatu dute Londresko ganbera batean. Irudiak 1929koak dira eta bertan mutiko bat ikus daiteke Kornuallesko uretan surf egiten.

Lehen britainiarra

Aipatu irudietan agertzen den surflaria Lewis Rosenberg da. Soinu gabeko film zahar batean ageri da, eta, inguruan, Harry Rochlen, Fred anaiak eta Ben Elvey lagunak ditu. Rosenberg taula astuna besapean itsasoratzen da irudi horietan, eta olatuak hartu eta zutik jartzen saiatzen da lagunek animoak ematen dizkioten bitartean.

Zuri-beltzean dauden irudiek, 20 urteko gazte adrenalinazale bat egurrezko taula handi batekin itsasoratu eta surf egiten erakusten dute. Ingalaterran surf egin zuen bertako lehen surflariaren irudiak dira.

Film batean surf egiten agertzen ziren australiar batzuen irudiak ikusi ostean bururatu omen zitzaion Rosenbergi taula bat egitea. Hala, bere Londresko etxea atzean utzi eta kostaldera olatuak hartzera abiatu zen.

Lewis Rosenberg berak eskuz egindako 8 oineko (2,5 metro) taula batekin agertzen da Newquayko hondartzan surf egiten. Egurrarekin egin zuen taula, irudimena erabiliz, inongo laguntzarik gabe. Beraz, aitzindaria izan zela esan daiteke, Ingalaterrako lehen taula ere, antza, berak egin baitzuen.

Irudiak 1929koak dira, eta, beraz, orain artean argitaratu diren irudi zaharrenak dira. Izan ere, Agatha Christiren irudiak, esaterako, 1930eko hamarkadakoak dira. Horregatik, adituek filma «altxor nazional» gisa bataiatu dute.

1920ko hamarkadan asko ziren txanpero batekin aparrak etzanda hartzera itsasoratzen zirenak, baina orain arteko datuen arabera, zutik surf egiteko lehen saiakera izan zen Roserbergena Ingalaterran.

«The surfing tribe» liburuaren egilea eta Ingalaterrako surfaren historian kondaira bizia den Roger Mansfieldek Rosenberg hil aurretik ezagutu ahal izan zuen. Baina, hala ere, Mansfieldek berak aitortu duenez, inoiz ez zuen istorio honen berri izan. «Surflarion komunitatean ez genuen istorio honen berririk. Dudarik gabe, Britainia Handiko surfaren lehen urratsak erakusten dituen materiala da», esan du.

Britainia Handiko Surfaren Museoan egon ostean, Lewis Rosenbergen senide bat arduradunengana zuzendu zen eta zera esan zien: 1920ko hamarkada amaierako irudiak zituen etxean, eta, bertan, surf egiten ageri zen Rosenberg. Hortik gutxira, Sue Clamp izan zen orain dela lau urte Britainia Handiko Surfaren Museoari bere aita surf egiten agertzen zen bi orduko film zahar bat igorri ziona. Bere etxeko ganbaran urte luzez ahaztua izan ondoren topatu zuen.

Museoko arduradunak harri eta zur geratu ziren 9,5 mm formatuko argazki-filma ikusi ahal izan zutenean. Hura benetako altxorra zen. Adituek lau urte behar izan dituzte grabaketako irudiak behar bezala digitalizatu eta txukuntzeko, eta, egun, Britainia Handiko Surfaren Museoaren esku dago pelikula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo