Bonbarik gabeko tsunami erraldoia
Zeelanda Berriak eta AEBek etsaiaren kostaldeko herriak suntsitzeko olatu tsunamiak sorraraziko zituzten bonbak probatu zituzten Bigarren Mundu Gerran. Olatu nano bati metroak gehitzen dizkieten horiek, Bilbokoa bezalako tsunami bat neurtzerako orduan metroak kentzen ibiltzen dira. Bonbarik gabe sortutako olatua zelako ote?
Surflari Ernegatua
Zeelanda Berriak eta AEBek etsaiaren kostaldeko herriak suntsitzeko olatu tsunamiak sorraraziko zituzten bonbak probatu zituzten Bigarren Mundu Gerran. Bonbek 33 oineko (9 metro) olatuak altxaraztea zen xedea. «Project Seal» zen operazio sekretu horren izen ezkutua. AEBetako eta Zeelanda Berriko zientzialariek eta armadek egin zuten lan elkarrekin eta eztanda nuklearren ordezko gisa garatu nahi izan zuten tsunami erraldoi bat sortzearen ideia.
Ray Waru Zeelanda Berriko zinegilea izan zen artxibo militar askoren artean ezkutatuta zeuden plan zehatzak aurkitu zituena. 3.700 bonba probatu zituzten 1944an, Kaledonia Berriko uretan, baita Whangaparaoa penintsulan ere.
Itsaso zabalean errenkan hamar leherketa egiteko diseinatu zuten proiektua. Leherketa bakoitza bi kiloko lehergailuek sortuko lukete, eta, ondorioz, kostako herriak suntsitzeko adinako olatu bat sortuko litzateke.
«Bonba atomikoak ez balu hain ondo funtzionatu, tsunamia erabiliko genuke», mintzo zen lehen pertsonan Waru zinemagilea. «Orain artean argitara atera ezin izan den informazioa da, norbaiten bulegoko mahaian urte luzez izan den txostena. James Bonden film batean jarrita fantasiazkoa balitz bezala ikusiko genuke, baina oso erreala izan zen».
Gurean, Zestoa inguruko zelaigune batean metro erdiko olatu eskas bat jaso eta «hip, hip, hurra!» esaten dugu. Komunikabide guztiek bat egiten dute olatuari ahalik eta zentimetro gehien ezartzeko eta denek batera errepikatzen dute azken leloa: «Hurra!».
Olatuari falta zaion indarra maila mediatikoan ematen da. Hemen ere puntako teknologiak natura mendera dezakeela erakutsi nahi da. Ez pentsatzeko hezi duten irakurle borondate onekoa Europan bailitzan sentiaraztea da helburua, eta, horretarako, edozerk balio du. Proiektua gezurra bera da. Baina, agian, akats bat izan dezake hainbeste jarraitzaile dituen proiektu horrek, «Project Seal» europarra, eta, ondorioz, Mendebaldekoa, izateko. Alegia, Hirugarren Munduko (etsaiak) eskulanik gabe, edo, bonbarik gabe, ez dirudiela egiazko. Ez dirudi proiektu egingarri. Ez dirudi, besterik gabe, ez da.
Edonork lurrera tu eginda olatu handiago bat sor dezake, eta, ziur, ohiko medioetan arrakasta izango duela. Herritar onaren arreta desbideratzeko aitzakia ezin hobea izan daiteke, zergatik ez?
Harrigarria zera da, Bilboko kaleetan yankiek inoiz lortu ez zuten olatu tsunami hura jaso eta ohiko komunikabideetan kontrako bidea egitea. Alegia, metro erdiko olatu bati zentimetroak gehitzen ibiltzen diren horiek, tsunami baten altuera neurtzerako orduan metroak kentzen ibiltzea. Zergatik ote? Amerikarrek ez bezala, bonbarik gabe jasotako olatua zelako?