Aitor Montes (*) Aramaioko medikua
Hizkuntz eskubideak bermatu, Osabide euskaraz
Osabiden erregistratzen ditugu pazienteen osasun arretaren adierazgarria eta agiria, eguneroko harremanak bideratzen dituzten dokumentuak. Programa hori erdaraz dago
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoan osasun publikoa kudeatzen duen erakundea da, guztiona. Osakidetzan, beste edozein osasun sisteman bezala, lehen mailako arreta guztiz garrantzitsua da; kontsultategi eta anbulatorioetan egiten da hau, eta administrari, erizain eta familia medikuek burutzen dute. Lehen mailako arretan dihardugun administrari, erizain eta medikuok Osabide programa informatikoa erabiltzen dugu egunero, pazienteen historia klinikoa delakoa sortuz eta garatuz: diagnostikoak, tratamenduak eta preskripzioak, ezgaitasun iragankorreko parteak, bilakaera orriak, ekintza prebentiboak... horiek guztiak Osabiden erregistratzen ditugu. Azken batean, pazienteen osasun arretaren adierazgarria eta agiria, eguneroko harremanak bideratzen dituzten dokumentuak. Programa informatiko hori erdaraz dago; hortaz, lan hizkuntza erdara da, eta, zoritxarrez, euskarak ez dauka tokirik.
Osakidetzako Kontseiluak 2005eko maiatzaren 27an Euskara Plana onartu zuen, gure erakundean eta azken batean osasun publikoan euskararen era- bilera normalizatzeko asmoz. Plan hori «herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko, gure gizarteak adierazitako nahiari eta berariaz eskatutakoari egoki erantzunez» sortu zen. Euskara Planaren helburuetako bat euskara lan hizkuntza bezala bultzatzea da, eta bere lehengo atalean («Osakidetzako Euskara Planaren helburu orokorrak») horrela dio: «Zerbitzu erakundeek hizkuntza ofiziala ahoz eta idatziz erabiltzeko jarraibideak ezarriko dituzte, euskara lan hizkuntza izateko behar diren baldintzak betetzen dituzten unitate sanitarioetarako edo administrazio unitate edo orokorretarako» (1.3 atala, «Euskara lan hizkuntza»). Planari jarraituz, 4. atalean («Euskararen erabilerako irizpideak»), eta hain zuzen hirugarren puntuan (4.3. puntua, «Aplikazio informatikoak eta beste hainbat baliabide»), programa informatikoak ere kontuan hartzen dira, eta horrela adierazten du: «Bestalde, baliabide teknikoak eskuratzeko modua egonez gero, Osakidetzako jarduera sanitario eta administratiboari eusten dioten tresna informatiko espezifikoek bi hizkuntza ofizialetan jarduteko aukera eman beharko diete erabiltzaileei».
Plan honek sei urteko iraupena eta bi ebaluazio zehaztu zituen, lehenengoa 2009an burutu zelarik. Osakidetzako Euskara Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak, 2009ko irailaren 19an «2005-2011ko Euskara Planaren Ebaluazio Partziala» argitaratu zuen, eta, bertan, lehen mailako arretaren garrantzia azpimarratzen du: «...horregatik eman behar die lehentasuna Planak lehen mailako atentzioko zerbitzuei, hain zuzen ere herritarrengandik hurbilago daudelako eta herritarren eguneroko bizitzarekin lotura handia duelako». Eta argi eta garbi adierazten du Osabideren garrantzia, «Osabide, laneko ohiko baliabidea izanik, euskararen erabilera normalizatzeko eta herritarren eskubideak bermatzeko funtsezko tresna» gisa aurkezten baitu. Baina ez da behar bezala kudeatu: «Guztiarekin ere, ez da aurrera egin Osabiden hizkuntza lehentasunaren erregistroa egokitu eta abiarazteko», edo, aurrerago, «tresna informatikoei eta laguntza logistikoei dagokienez, erakundeak, oraindik, Osakidetzaren planak proposatutako helburuetatik oso urruti daude». Lan tresna honen hobekuntza lehentasuna dela zioen «Euskara Planaren Ebaluazio Partziala»-ren txostenak duela hiru urte.
Onartu behar dugu euskararen erabilpenaren normalizazioan aurrerapenak lortu direla, baina ez da nahikoa. Gaur egun, Osakidetzan ez dira pazienteen zein langileon hizkuntza eskubideak bermatzen. Alde batetik, euskaraz lan egiteko eskubidea daukagu Osakidetzako langileok; bestalde, pazienteek euren historia klinikoa euskaraz edukitzeko eskubidea daukate. Hori guztia kontuan hartuta, Osabide programa informatikoa euskaraz eskaintzea Osakidetzaren eginbeharra da, orain arte bete izan ez dena. Beraz, hau sinatzen dugunok Osakidetzari hori bete dezan eskatzen diogu, eta hiritarrei helarazten diegu gure eskakizuna.
(*) Testuarekin bat egin dute: Leire Agirrezabala Ezkurdia, Alicia Alvarez Blanco, Zorione Amesti Goyogana, Eva Arregi Odriozola, Marta Barandiaran Forcada, Juan Cristobal Ibarra Arriandiaga, Andres Eugenio Garcia, Ignacia Idarreta Mendiola, Ziortza Jaka Elgezabal, Erlantz Larraskitu Erkoreka, Maitane Lertxundi Ausin, Leire Martija Larrucea, Xabier Onaindia Ribera, Amaya Oyarbide Munduate, Blanca Saitua Brasa, Leire Sanz Hernandez eta Karlos Zubiria Sopena.