Hernanik ezin izan dio aurre egin ez Vigori ez Landareko lokatzari
HERNANI 13
VIGO 19
Jon LEUNDA
Hernanik huts handi samarra egin zuen atzo etxean Vigoren aurka. Gipuzkoarrek sailkapeneko erdialdean nahiko lasai jartzeko aukera zuten, baina arazoetan sartu dira etxean aurkari zuzen batekin galduta.
Atzo, ordea, lokatza izan zen Landareko protagonista nagusia, eta bi taldeek nahikoa lan izan zuten berdegunean zutik mantentzeko ere. Joko eta puntu gutxi izan ziren lehen zatian; horrelakoetan ohi denez, zigor kolpeen ondoren heldu ziren gainera. Bigarren zatian etxekoak motel zelairatu ziren, kosta egin zitzaien jokoan sartzea, eta horri ederki atera zioten zukua Vigoko jokalariek zigor kolpe bat eta gauzatutako entsegu bat lortuta partida amaitzeko 15 minutu falta zirela.
Orduan etorri zen etxekoen susperraldia. Zenbait saiakera egin ostean, 76. minutuan Jokin Esnalen lasterraldi bikain baten ostean Oier Garmendiak baloia hagapean uzteko tartea aurkitu zuen, eta, ondoren, Igor Genuak transformazioan ez zuen huts egin. Hala ere, hernaniarrek ezin izan zuten garaipenik lortu.