KRONIKA | JOXEMI ZUMALABERI OMENALDIA
Hitz eta oroimen beroek goxatu dute Txindoki magaleko hotza
Orain dela hogei urte Joxemi Zumalaberen omenez landatutako urkiaren altzoan elkartu ziren euskaltzale, kazetari eta militante nekaezinaren senide eta lagunak. Bertan hitz eta lore eskaintza ederra egin zuten haren lana, grina eta pertsona nabarmentze aldera.
Maider EIZMENDI
Koro arrebak emozioari eutsi ezinda egin zituen anaia Joxemiri zuzendutako hitzak. Iñaki Uria lagunak bizkarretik helduta adoretu zuen harekin batera bizitako uneen errepasoa egiten zuen bitartean. «Bagenekin ezer behar izanda ere batak bestea beti izango genuela alboan, eta hori edonori opa diot», aipatu zuen hunkituta anaiak hil aurreko orduetan eta heriotza gertu zuela jakinda esandako hitzak gogora ekarrita: «Lasai nago, uste dut jendea maitatu dudala-eta».
Zumalaberen seme-alabek ere, Jon eta Maddik, haren hitzak ekarri nahi izan zituzten gogora eta aitak idatzitako azken lerroak irakurri zizkieten bildutako guztiei. «Maitatua sentitzen naiz alde guztietatik eta nire barnean ez da kabitzen horrek sortzen didan poza», irakurri zuen Jon semeak. Eta horregatik, hain justu, «aberats» sentitzen zela idatzi zuen, «laguntasunezko kapital oparoa biltzea» lortu zuelako bere inguruan.
Hil zenean eta haren omenez Larraitzen aldatu zuten zuhaitza jarri zutenean egin bezala, «Maitia nun zira» kantuarekin abiatu zen ekitaldia. Biolin-jotzaileak jarri zuen doinua eta inguratutako guztiek kanta-marmarrean lagundu zioten.
Euskaltzale eta kazetari donostiarraren izena daraman fundazioaren izenean Jokin Azpiazuk hartu zuen hitza eta nabarmendu zuen «pertsona handia izanda ere, txikia izaten jakin zuela, gertukoa hain zuzen». Horregatik eta abiatu zuen bidearekin bete-betean bat egiten dutelako fundazioko kideek «ohore handiz» jarraitzen dutela lanean aitortu zuen.
Joan Mari Torrealdaik «Euskaldunon Egunkaria» itxi eta atxilotu zutenean Guardia Zibilaren aurrean egindako adierazpenak ekarri nahi izan zituen gogora: «Interes handia zuten Joxemiren gainean eta aitortu nuen bera izan zela `Euskaldunon Egunkaria'-ko alma materra; hala geratu zen idatzita han». Torrealdaik modu horretan bortxaz itxitako egunkariaren sorreran Zumalabek izandako pisua nabarmendu nahi izan zuen, «bakoitzari berea» ematea justua dela adierazita.
Espetxetik Larraitzera
Espetxeetatik ere iritsi ziren mezuak Larraitzera, lehena Carlos Trenor presoak A Lama espetxetik igorritakoa eta bigarrena berriz Xabier Alegriak Puerto III espetxetik bidalitakoa. Alegriaren alabak, Garazik, irakurri zituen haren hitzak. «Bere kultur sormena, ausardia eta gaitasun oparoez gain, `odol hozte' zorrotza ere bazen militante bikain egiten zuen dohaina», aitortu zion, haren «irribarre eta oroimenari» erreferentzia egiteari uko egin gabe.
Mikel Antzaren bertsoak ere iritsi ziren Txindokiren magalera eta «bera eredu gisa hartzen saiatu» dela adieraztearekin batera, Zumalabe «euskaltzaleen galaxian iparra non den adierazten duen izar» gisa definitu zuen, Josu Landa idazlearen ahotik omenaldira iritsarazi zituen bertsoetan.
Joseba Alvarez ezker abertzaleko militante eta lagunak ere baliatu zuen okasioa hitz batzuk eskaintzeko. Zumalabek militantzia bizitzeko modu zuela adierazi zuen eta ez zuela inondik ere hura «bizitzaren gainkarga» gisa sentitzen: «Joxemi militante integrala zen, militante iraultzailea zentzurik osoenean, dena ematen duena ezer ere eskatu gabe», aitortu zuen, euskara arloan ez ezik, beste arlo batzuetan ere egindako ekarpen eta lana goraipatu nahian.
Atzoko omenaldiak azken egunotan donostiarraren heriotzaren 20. urteurrenaren karietara beren lagunek antolatu dituzten ekimen sorta borobildu nahi izan zuen; izan ere, mahai inguru sorta egin da astean zehar, besteak beste, euskal esparru komunikatiboa jorratzeko. Bertan parte hartu zuten joan den ostegunean Lorea Agirre ikertzaileak, Iñakik Soto GARAko zuzendariak, Iban Arregi «Berria» taldeko hedabideen arduradunak eta Gorka Julio informatika ingeniariak.