GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Gazteak

Ez dago herenegungo manifestazio baten modukora joatea bezalakorik indibidualismoaren atzaparretan bizi behar garelako mezuari mihia ateratzeko; ez dago halako jende andanarekin batera euripean ibiltzea bezalakorik konturatzeko elkartasunak eta konpromisoak euskal jendartearen zati oso handi baten ikur izaten segitzen dutela.

Hunkitu egiten nau ikusteak jendetza horren artean helduenak agian izango dituela laurogei eta koska urte, eta gazteena, berriz, hilabetetxora ere ez dela helduko... Giza marea horren barruan, itsaso horretako kide, zapalkuntzak, errepresioak eta indarkeriak eragindako gatazka baten ondorioetako bat konpon dadin aldarrikatzen, exijitzen, indarkeriaren beste muturrean dauden sentimenduak sortzen zaizkit barruan, eta poztu egiten nau pentsatzeak nirekin batera kalea bustitzen ari diren milaka eta milaka gazteek ere hori sentitu eta horren arabera garatuko dutela euren izaera eta bizimodua, beren buruarekiko eta ondokoekiko.

Izan ere, azkenaldian, gazteen gainean irakurtzen ditugunak indarkeriarekin lotuta daude, gehien-gehienak eraso sexualekin. Gazte horiek, gainera, oso-oso gazteak dira, hogei urtera ere ez dira heltzen. Osagaiak berberak izan ohi dira: gizonezko gazteak, emakumezkoak, gaua, alkohola eta bortxakeria. Nire buruari galdetzen diot hemezortzi edo hemeretzi urteko pertsona baten bizitzak denbora eman ote dion frustrazioa, amorrua, gorrotoa eta besteei min emateko nahi eutsiezina garatzeko, gauzak indarkeria egikarituz baino ezin direla eskuratu sinetsi eta hala jokatzeko. Nire buruari galdetzen diot, bestalde, hori soilik mutilei gertatzen ote zaien, edo mutilei gehiago onartzen diegun ote den kontua.

Esaten dute adituek gazteek etxean xurgatzen dutena errepikatzen dutela kalean, beren adinekoen edo gazteagoen gainean. Bat nator, ez da aditua izan behar jendartearen araberako gazteak ditugula ondorioztatzeko; jendarteak onartu egiten badu nolabaiteko biolentzia maila, eta zenbait esparrutan guztiz normalizatuta dago -esaterako, futbol zelaietan, harrigarria da hor pilatu ohi den ahozko indarkeria, arrazismoa, homofobia, gorrotoa, birao sorta, inork betile bat mugitzen ez duela-, nahikoa zirrikitu dago irekita bide horretatik egiteko. Horri eransten badiogu berehalakotasunaren garaian bizi garela, dena bat-batean, dena nahi bezain azkar, dena klik bat eginez, dena norberaren desiren arabera eskura daitekeela saltzen digutela -sexua barne-, eta geuk sinetsi, frustraziorako eta amorrurako hazitokia jendartea bera dugu.

Beti esaten da guztiaren gakoa heziketa dela, eta hezkuntza arloa jendarte osasungarri baten funtsezko habea. Ikusita esparru hori eta berau sostengatzen duten eragileak nola tratatzen dituzten gobernuetatik, zaindu ez beste guztia eginda, nahikoa daukagu ulertzeko zein balio ematen ari zaion gazteen etorkizunari. Etorkizuneko gizon eta emakumeak izango direnei, eta haien arteko harremanak behin betiko eraldatzeari. Hori bai, harritu ikaragarri harritzen gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo