GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Waltariri txapela kentzea izango da denen helburua

Larretxea, Sorhuet, Kurutxari eta Etxeto min hartuta daude, eta ezingo dute parte hartu.

p043_f01.jpg

Jon LEUNDA

Hutsune askorekin, eta Waltari faborito argia dela abiatuko da Buruz Buruko Berezkoen Txapelketa. Etxeto, Sorhuet, Larretxea eta Kurutxari, laurak ere min hartuta, ez dira arituko, eta beraien falta oso nabarmena izango da.

Ducassou gaztea izan zen Superprestigioa irabazi zuen pilotaria, eta berarengan ere itxaropen asko daude. Berak, ordea, lehen urtea du profesionaletan, iaz ez zuen Buruz Burukoa jokatu, eta aurten lehen kanporaketatik hasi beharko du. Lehen fasean denak kanporaketa bidez erabakiko dira, eta bi onenak finalerdietara sailkatuko dira. Han, iaz finala jokatu zuten Waltari eta Ozafrain batuko zaizkie, eta finalerdietako ligaxka jokatu beharko dute, gero bi onenek finala jokatzeko.

Bi adar egin dituzte, eta biak datorren astelehenean abiatuko dira Donibane Garaziko pilotalekuan. Lehen adarrean, Ducassou anaiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta irabazten duenak urtarrilaren 24an Jannotsekin neurtu beharko ditu indarrak Baionako Saint Andren. Kanporaketa hori gainditzen duenak, berriz, Laurent Lanbertekin jokatuko du urtarrilaren 27an Senperen.

Kanporaketa hori gainditzen duenak, Harizmendiren aurka jokatuko du urtarrilaren 31n Baionako Saint Andren, eta horko irabazleak Ezkurra II.a izango du zain, otsailaren 4an Donibane Garazin jokatzeko. Irabazleak finalerdietako ligaxkan sartzeko txartela eskuratuko du.

Finala, martxoaren 3an

Bigarren adarrekoak ere Donibane Garazin abiatuko dira heldu den astelehenean, eta bertan Lazkano eta Intxauspe lehiatuko dira. Irabazlea, Agirreren aurka arituko da urtarrilaren 24an. Kanporaketa hori gainditzen duenak, Ximun Lanbert izango du aurrez aurre urtarrilaren 27an, eta hori irabazten duenak, Bonebeltxeren aurka jokatu beharko du urtarrilaren 31n. Kanporaketa hori pasatzen duenak, berriz, Etxeberriren aurka jokatuko du otsailaren 4an, eta irabazlea finalerdietako ligaxkan sartuko da.

Finalerdietako ligaxkan ere, jardunaldi bakoitza trinket berean jokatuko da, kanporaketak bezalaxe. Lehen jardunaldia otsailaren 10ean Arrangoitzen jokatuko da, bigarrena aste bat beranduago Baigorrin, eta azkenekoa otsailaren 24an Armendaritzen izango da. Finala, berriz, Baionako Modernen jokatuko da martxoaren 3an, 11.00etan hasita, aurten goizez izango da, aspaldiko partez. Bestetik, pasa den abenduan Ibarrolak utzi egin zuen eskupilota, baita Ezkurra I.ak eta Alfarok ere, nahiz eta azken bi hauek amateurretan lizentzia atera eta han ari diren orain jokatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo