EAJren «egonkortasunerako» kontu nahasiak
EAJ bidelagun bila dabil eta hartarako gogokoena aurkeztu du dagoeneko, kontuak egin ondoren. Baina, atzo Ortuzarrek Araban eta Bizkaian PPrekin akordio bat lortzeko EAJk bere esku dagoen guztia egingo duela esan bazuen ere, akordio hori lortzeko aukera Ortuzarrek eta bere alderdiak nahi baino nahasiago ageri da, Lakuako aurrekontuei begira aurreikus zitekeen «kromo trukaketatik» harago, alegia. Arabak ahalik egonkortasun handiena izatea on dela dio Ortuzarrek, baina Araban du, hain zuzen, bere kontua korapilatzen duen elementua. Herrialde horretako ahaldun nagusiarentzat «egonkortasuna» bermatzea ez da nahikoa eta bere aurrekontuak berriro aurkeztu nahi ditu, EAJren zuzenketak onartu ondoren, jeltzaleen sostengua jaso dezaten. Ikusteko dago, beraz, noraino ematen duen alderdi bion artekoak, areago Gasteizko Parlamentuan bion batuketak aurrekontuak onartzea ziurtatzen ez duenean.
Desberdinen arteko akordioak lortzea zilegi ez ezik, ona ere bada, edo izan liteke; hala ere, akordioak proiektu baten gainekoa izan behar du, eta kasu honetan, ustezko egonkortasunaren bila ezer baino lehen batuketa koadratu nahi izateak, interes alderdikoi eta partikularren artean, aurrekontuen proiektua garrantzi gutxiko faktorea balitz bezala, bigarren mailakoa balitz bezala, agertzen du.