GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Korrespondentzia eguneratuz

Aupa lagun! Ederki eskuratu ditut zure letrak, ongi egin dute bidea eta ez dira berandutu. Erantzutera noakizu. Ados naiz diostazunarekin: gerra bukatu denean etxera urgentziaz sartu nahi izatea baino zentzu oneko gauza naturalagorik ez dago, eta bai, gartzela ala kartzela, ipurtzulo bat beti izango da ipurtzulo. Sortu alderdiaren inguruko iritzia galdetu didazu, bestalde, eta iritzia libre, hona nirea biluzik.

Eztabaida probokatu eta perspektiba apuntatu, ez dakit halakorik sortu den Sorturen eratze prozesuan. Pasioa eta gogo bizia ez ditut sumatu. Zuk bezala nik ere hortzak izerdi irakurri ditut txostenak, eta zer esango dizut ba!? Printzipioak diozu, eta bai, printzipioak beti, horiek gabe den-dena galduko baikenuke, ezerezean urtuko ginateke. Printzipioak bai, baina gutxi, argiak eta bide-erakusle, ez dogma bezala ulertuta. Joko politikoa eta antolaketa eredu bat printzipioetan «entronkatzea»? Parametro dinamiko legez hartuta hobe, jokoaren zelaia marrazten duen banderin gisara.

Ezkerreko herri abertzalearen jendearen eta perspektiben dibertsitatea txalotu eta ospatu behar da, jakina, lagun. Komunitatearekin elkarrekikotasuna eta kontaktu erreala bilatu, ideia on eta freskoen iturria -posible den neurrian- izan. Argi pentsatzeko trebetasuna, konklusio zehatzetara iristeko indarra eta, zenbakitan eta exijentzia mailan hainbeste handitu den komunitatearen aurrean, modu erakargarri eta desafiantean aurkezteko adorea eskuratu. Arrazonamendu sendo eta eduki interesantea duen diskurtso argi batekin arduratuta.

Niretzat ez da txarra iritziak oso ideologikoak izatea. Txar-txarra dena itsuki alderdikoiak izatea da. Jendearen ahotsa anplifikatu behar dela diostazu. Baina hori ez da errebindikazio lokal, siglapeko txikimundu edo lobby sektorial guzti-guztien erresonantzia kutxa izatearen sinonimo. Erabaki eta iritzi propioa, instituzionala, gorestera ala kritikatzera mugatuko ez den -ohikoena izango den arren- posizio indartsu bat behar da, hori inportantea ikusten dut.

Hala ere, badakizu, aipatu hau dena hala bada, hala biz; eta hala ez bada, halatsu. Goiari eutsi eta aberria bizi, lagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo