GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzaren batzar eratzailea egingo dute martxoaren 2an Donostian

Udalbiltza berrantolatzeko batzar eratzailea martxoaren 2an egingo da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, talde eragileak atzo jakinarazi zuenez. Zazpi herrialdeetako 1.201 hautetsik eman diote sostengua erakunde nazionala berrantolatzeko prozesuari.

p014_f01_199x116.jpg

GARA | DONOSTIA

Martxoaren 2an Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo da Udalbiltzaren berrantolatze prozesuan kokatzen den batzar eratzailea, talde eragileko eledun Igor Eguren eta Iratxe Lopez de Aberasturik atzo jakinarazi zutenez.

Gogora ekarri zutenez, 2012ko Aberri Egunaren atarian jarri zuten abian Udalbiltza berrantolatzeko prozesua zazpi herrialdeetako 27 alkate eta zinegotzik. Horretarako, 1999an Euskalduna jauregian onartu ziren bost printzipioak hartu zituzten oinarri. Dagoeneko, 1.201 udal hautetsik eman diote sostengua prozesu honi. Udabiltzaren bi adierazpideek (egungoa eta 1999an sorturikoa) egindako lanaz duten iritzia jaso dute eta bi ekimenak batzeko egokitasunaz, Udalbiltzak etorkizunean jorratu behar dituen gaiez, lehentasunezko lan ildoak zeintzuk izan behar diren, antolatzeko sistemaz edo zuzendaritza aukeratzeko prozeduraz galdetu diete hautetsi hauei.

Jasotako erantzunen balorazio positiboa egin zuten Egurenek eta Lopez de Aberasturik, eta galdera-fasea urtarrilean amaitzea erabaki dute. «Epe hori amaitu ostean, jasotako erantzun eta ekarpenak aztertu eta ondorioak baliatuko ditugu, horren gainean Udalbiltzaren bizkarrezurra eraikitzeko», azaldu zuten.

«Nazio mailako gizarte eragileekin biltzeko eskaera izaten ari den erantzunari dagokionez, gauza bera esan genezake. Ezin positiboagoa izaten ari da. Bai biltzeko zein elkarlanerako, prestasun bikaina agertzen ari dira gureganako; eta hori, oso eskertzekoa da. Bilkura hauen eta handik ateratako ondorioen balorazioa eginen dugu elkarrizketa bira amaitzean», gaineratu zuten, talde eragilearekin harremanetan jarri nahi dutenei udalbiltza@udalbiltza2012.net helbidera idazteko eskatuz.

Victoria Eugenian egingo den batzar eratzailean jasotako guztiari forma eman eta Udalbiltza modu eraginkorrean berrabiatzea izango du helburu. Euskal Herriaren egoerari buruzko sektore anitzeko argazkia ere plazaratuko dute, hurrengo urteetarako lehentasunak zehazteko, eta Udalbiltza berriaren zuzendaritza ere aurkeztuko dute Donostian.

1.201 hautetsi

Jatorri politiko anitzetako zazpi herrialdeetako 1.201 hautetsik eman diote sostengua Udalbiltza berrantolatzeko prozesuari. Hautetsi orori zabaldu diote prozesuan parte hartzeko aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo