Lander GARRO Idazlea
Zerbait
Unibertsitatean irakurtzen ez genituen liburuak irakurtzen ditugu orain, ekonomiakoak. Ekuazioen zentzua ulertzen ikasi dugu, batuketak, kenketak, balantzeak, oszilazioak. Ez digu ihes egingo mundua ulertzeko (eta harrapatzeko) premiak. Gure birramonak bazekien zer zen lurra jorratzea. Uztaila ez zen plaiarako denbora, uzta jasotzekoa baizik. Gure gurasoek galdu zuten jakintza hura, gerra kalera irten zen, polizia, sindikatuak, klase borroka. Modernotasunak jakintza oro eraman du, berriz geratu zaizkigu eskuak hutsik, baina ez daukagu lurrik jorratzeko. Ez lurra, ez jakintza, ez klase izaera. Turistak gara geure munduan, dena da debeku, dena da ikuskizun, ezer ez da geurea. Horregatik hasi gara ekonomia liburuak irakurtzen. Mundua irauli behar dugulako sentimendua daukagu, baina sentimenduak hitz bilakatzeko tresnak eraman dituzte geure etxe atarietatik. Gaueko ametsak eramaten dituen eguzkiaren argia da gure mundu ero hau. Gaztelu bat eraiki duzula uste duzu, baina hartan gotortu orduko, iratzargailuak jotzen du, bere porlanezko pisu guztiarekin. Gaztelu guztiak suntsitu zituzten, orain aparkalekuak dauzkagu, langabezia sariak uzten dizkigun xentimoak gastatzera joaterakoan autoa ez dezagun geure hiri peatonalizatuetan traba egiten utzi. Langabezia saririk ez badaukazu, badakizu, jauzi bat ahanzturaren erreinura. Ez duzu gorpu itxurosoa utziko, baina zutaz hitz egingo dute. «Itota zegoen, ezin zuen gehiago, asko maite genuen». Hori guztia ez da maitasun liburuetan ageri, eta jada ez gaude ahanzteko. Bakarrik gaudela uste dugu geure logabetasunean, baina aldameneko etxean ere hala daude, indibidualtasunaren hesiak hausteko manerak mamitzen. Zarata bat entzun duzu kanpoan. Zerbait gertatu behar da, baina oraindik ez dakigu zer.