GARA > Idatzia > Ekonomia

Dena prest Paueko Nekazaritza Ganberako ordezkariak hautatzeko

Sei urtetik behin egin ohi diren bozen bidez, urtarrilaren 21etik 31 bitartean Paueko Nekazaritza Ganberako hamar kolegioetako ordezkariak berrituko dira. FDSEA, Coordination Rurale, ELB-Confederation Paysanne eta LAB sindikatuek ere hautagaiak aurkeztu dituzte.

p030_f01_ONA.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Urtarrilaren 21etik 31ra Estatu frantseseko 93 nekazaritza ganberetako ordezkariak berritzeko hauteskundeak izango dira. Hala, datozen sei urteetan Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ganbera osatuko duten 45 kideak ere aukeratuko dituzte, horien barne Ipar Euskal Herrikoak.

FDSEA sindikatu nagusiaz aparte, euskal sindikatuek ere zerrendak aurkeztu dituzte. ELBk, lehen aldiz, Confederation Paysannekin (CP) batera osatu ditu, eta LABek zerrenda propioa aurkeztu du nekazaritza sektoreko soldatapekoen kolegioan edo elkargoan.

Izan ere, bost kolegio indibidualek eta beste horrenbeste elkarte profesionaletakoek osatzen dute nekazaritza ganbera. Lehenengoetan daude, besteren artean, soldatapeko langile eta baserritarren kolegioa, baita ustiapen etxaldeetako jabeen kolegioa ere.

Bi horietako ordezkariak hautatzeko sistema mistoa da, hots, boz gehien jasotzen duen zerrendak eserlekuen erdia eskuratzen du, eta gainerako erdiak proportzionalki banatzen dira guztien artean, irabazlearena barne. Beste kolegioetan, gehiengoa lortu duenarentzat izaten dira eserlekuak.

Boza postaz egingo da astelehenetik goiti hamar eguneko epean, hautesle bakoitzak etxean jasoko duen dokumentazioaren bitartez.

Hauteskunde hauetako berrikuntzen artean, zerrendetan emakumeen presentzia emendatzeko araua dago. Hiru hautagaitik batek emakume izan behar du derrigorrez.

ELB koalizioan

Oraingoan, bakarrik aurkeztu ordez, CPrekin batera joateko parioa egin du ELB sindikatuak. «Produktibismoa sustatzen duen laborantza ereduaren aurrean», beste sistema baten -iraunkorra eta herritarra- beharra argiago islatzeko xedearekin hartu du bide hori, CP ere proiektu horrekin bat baitator.

Euskal sindikatuak ez dio, haatik, uko egin bere helburu behinena denari, hau da, Ipar Euskal Herrirako laborantzako eskumenak izango dituen erakunde propioa izatea, alegia.

Egun, bozketa sistemaren ondorioz eta soilik Euskal Herriaren eremuan jarduten duelako, bi ordezkari bakarrik ditu ELBk nahiz eta 2007an hiru euskal lurraldeetan zerrenda bozkatuena izan zen (laborarien %51,39). Bi eserleku horiek ez okupatzea deliberatu zuen orduan.

Aurrekoan bezala, oraingo hauteskundeetan ere bi kolegiotan aurkeztuko ditu hautagaiak, laborarienean eta laborari erretiratuenean.

FDSEA-JA (Laborari Gazteak) eta Coordination Rurale sindikatuek ere hautagaiak aurkeztuko dituzte departamendu mailako zerrendetan. Lehenak nagusitasuna lortu zuen 2007an bozen %55ari esker eta bere zerrendaburua, Jean-Michel Anxolabehere, da egun Paueko ganberako presidentea.

LABek hautagaiak aurkeztu ditu estreinakoz

Agroelikagaien sektorean aspalditik presentzia izan badu LABek. Horren lekuko dira, besteak beste, bertan dituen afiliatuak eta 2008ko Prud'hommes lan aferetako auzitegietako bozetan erdietsitako aholkulari eserlekua.

Alta, sektore horretan lan egiten duten soldatapekoek «nagusiarekin duten hurbiltasunagatik, ezagutza faltagatik edo enpresa txikiak» direlako, sarritan ez dira beren eskubideak defenditzera menturatzen. Sektore horretako langile gehienek Ipar Euskal Herriko barnealdean lan egiten dute eta laborariez gain, sektore horretako beste enpleguak «zaindu eta azkartzea garrantzitsua» dela deritzo sindikatu abertzaleak. Hori guztia kontuan hartuta, alor horretan ere «hurbileko lana» egiteko asmoarekin, «Laborantza eta agro-alimentarioa» izeneko sekzioa sortu du.

Bere proposamenak helarazteko eta baita izan dezakeen babesa ezagutzeko, Paueko Nekazaritza Ganberarako bozetan parte hartzea erabaki du. Besteren artean, lan-baldintzak hobetzea, lanordu guztiak deklaratuak eta ordainduak izatea, formakuntza bermatzea eta laneko negoziazio esparrua Ipar Euskal Herria izan dadin aldarrikatzeko sei hautagai aurkeztu ditu soldatapekoen kolegioan. A.M.

BERRIKUNTZAK

Hauteskunde hauetan berrikuntza batzuk badira eserlekuen banaketarako proportzionaltasunari dagokionean. Hiru hautagaitatik bat emakume izateko derrigortasuna da beste nobedadea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo