GARA > Idatzia > Kultura

Emakumeek taula gainak har ditzaten lanean ari da Emarock

Gero eta gehiago izanagatik, oraindik ere emakume musikari gutxi ikusten dira taula gainean. Daudenak ezagutzera emateko eta gainerako emakumeak pauso hori ematera animatzeko jaio zen Emarock elkartea. Gaur argazki erakusketa zabalduko dute Donostiako Okendo kaleko Emakumeen Etxean eta otsailaren 15era arte egongo da ikusgai.

p046_f02.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Saioa Cabañas Gauilunak oso gaztetatik hasi zen kamera eskutan hartu eta kontzertuz kontzertu argazkiak ateratzen. 2010ean egin behar zuen argazki erakusketa batetik otu zitzaion Emarock proiektua. «Ikusi nuen egin ahal nezakeela guztia emakumeena, eta konturatu nintzen ia denak abeslariak zirela, oso gitarrista edo bateria-jotzaile gutxi zeudela adibidez. Hortik abiatu zen proiektua eta, beharrei erantzuteko, elkartea sortu zen».

Emarockek Euskal Herrian musikan aritzen diren emakumeei espazio bat ematea eta ikusgai egitea du helburu, baita emakumeak musika jorratzera bultzatzea ere, «ahal bada eszenatoki baten gainean izatea», zehaztu zion GARAri argazkilari bilbotarrak. «Zelan egin emakume gehiago egoteko, bateria-jotzaile gehiago, zelan egin emakume gazteei erreferenteak jartzeko».

Elkartearen ardatzetako bat 70 emakume musikariren baino gehiagoren argazkiz, egunkari ebakinez eta disko azalez osatutako «Iragana, oraina eta geroa» erakusketa da. Tolosan, Gernikan, Ordizian eta Gasteizen izan da aurretik eta gaur iritsiko da Donostiara. Okendo kaleko Emakumeen Etxean egongo da ikusgai otsailaren 15era arte.

Dokumental bat ere egin dute, erakusketaren inaugurazioan ikusgai izango dena. Emakume musikariei egindako elkarrizketak bildu dituzte horretan; «emakumeen iritziak azaltzen ditugu, nahiago dugu beraiek kontatzea eta ez guk, beraiek ze pentsatzen duten, zein esperientzia izan dituzten eta gero jendeak hausnarketa egin dezala».

Erreferente falta

Zergatik hain emakume gutxi taula gainean? Zergatik emakumez bakarrik osatutako hain talde gutxi? Zergatik daude musika-eskolak emakumez beteta eta gero ez dute oholtzarako pausorik ematen? Horiek dira, besteak beste, Emarockeko kideek mahai gainean jarritako galderak. «Dokumentalean mila gauza esaten dira eta, adibidez, gurasoei buruz hitz egiten da. Maiz gurasoek bideratzen dituzte seme-alabak instrumentu bat hautatzera. Rolak ere bai, neskek halakoak izan behar dute eta mutilek halakoak, bi aldetakoa da azkenean kontua. Atentzioa ematen digu, adibidez, mutil bat biolinarekin ikusteak», azaldu zuen Cabañasek, «beldurrak, amatasuna, hasiko zara musika munduan eta gero ama izanda utziko duzula...».

Dokumentaletik ondorioztatzen da erreferentzia garbien falta egon dela Euskal Herrian. «Asko nabaritu duguna izan da musikari moduan urteak daramatzaten emakumeek dituzten erreferenteak kanpokoak izan direla, gehienek PJ Harvey aipatzen dizute, adibidez. Gazteagoei galdetzen badiezu, ordea, Sorkun aipatzen dizute. Neska gazteak hasi dira erreferenteak edukitzen Euskal Herrian eta horrek bultzatzen ditu taula gainera».

Lekuaren arabera ere desberdintasun nabarmenak sumatu dituzte. «Herri bakoitza ezberdina da, herri batzuetan martxa gehiago dago, emakume gehiago animatzen da. Zarautzen, adibidez, emakume dezente dago. Irun aldean ere neska musikari gehiago daude, Nafarroa aldean, Eibar inguruan... Eta ez dut uste kasualitatea denik. Ikusten da erreferenteak eduki dituztela».

Inaugurazioa 19.00etan hasiko da. Dokumentalaren proiekzioa egingo da emanaldi akustikoekin tartekatuz. Bertan izango dira Skakeitan taldeko Olatz Salvador, Mor More hirukotea eta Napoka Iria bikotea.

Martxoan Berriozarren eta Ondarroan izango da erakusketa eta, horretaz gain, Irola Irratian irratsaio bat egiten dute hamabostero, emakume ezberdinak gonbidatuz. Informazio gehiago, www.emarock.com atarian.

INAUGURAZIOA

Gaur izango da inaugurazio ekitaldia, 19.00etan, eta dokumentalaren proiekzioa emanaldi akustikoekin tartekatuko dute. Bertan izango dira Skakeitan taldeko Olatz Salvador, Zarauzko Mor More hirukotea eta Napoka Iria bikotea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo