Irati JIMENEZ Idazlea
Azkunopolis
Astebete atsekabetuta (haserre, amorratuta) Azkuna munduko alkate onena izendatu dutelako. Ze mundutakoa ote. Nortzuk zituen lehiakide. Eta nolatan alkate, Azkuna enperadore bada! Eta ez edozein, Peter Ustinoven Neron baino.
Irudikatu horrela: probintzietan jaiotako erromatar, hiria munduaren bihotz egitearen lilurak itsutu eta iluminatua. Lira eskuan, sua bestean, zirkua Abandoibarrean. Hiria bere ispilu, eta goiburu bakarra «zaharra behera, berria gora!». Arkitektoen kolegioak Kukutzaren eraikina ondare industriala dela esaten badu, lehoietara. Ametzolako pabiloiak, zulora. Garellanoko militarrei omen, baina 1920ko haien egoitzari, agur. Agur, 1930eko hamarkadan altxatu zen Uribitarteko Gordailu Zabalari edo RACen esku egon den Bilboko eraikin arrazionalista bakarrari. Adiorik ez, Zorrozaurre, zu zoaz gero.
Eraikinen antzera jan du oposizioa Azkunak. Lirarekin lortu zuen Ezker Batuak kalean sexua galarazi eta bere historiako kapitulurik negargarrienetakoa idaztea. Herri mugimenduei, ostera, suarekin eraso die. Sua Txori Barrote eta Kaskagorriri, sua inauterietako desfileari. Alde Zaharra ordu biak baino lehen itxita egotea lortu du, Errekalde odoletan hartu zuen, euskaldunak galiar izendatu gaitu, eta atzamarraren keinuarekin alboratu. Gaztelania hutsez argitaratzen da «Bilbao» aldizkaria, Kañak 2,10 balio du Someran eta goiz bakarrean kalean aparkatzeak 11 eurotik gora. Loria!
Bilbo Aberasturi da azkenean, iraganaz trufatzen den industria-errautsen lore, inperioaren ate, Bizkaiko jabe. Azkunak bere irudiko egin du, bere moduan pentsatzen duten bilbotarren pozerako. Kontra? Zibilizazioaren argiari uko egin nahi dioten barbaroak, besterik ez.