Donostiak inoiz baino filmazio gehiago izan ditu 2012an, eta honek dirua utzi du hirian
GARA | DONOSTIA
Donostiako Sustapenak Film Comission zerbitzuaren 2012ko balantzea aurkeztu du. Guztira 85 proiektu filmatu dira hirian, zazpi film luze barne. Grabatutako lanen aurrekontu osoa 12.562.750 eurokoa izan zen, eta diru kopuru horren zati bat Donostian gelditu da, batez ere erabili dituzten eraikinak zaharberritzean, lan-talde osorako ostatuan edota gai teknikoetarako langileen kontratazioan.
Filmaketetan gehien agertu den gaia kirola izan da, surfa batez ere. Geraldine Chaplin eta Joaquim Almeida aktoreek parte hartzen duten «Tres-60» filmean kirola misterioarekin nahasten du Alex Ezkurdia zuzendariak. Surfa gai nagusi dute Keller garagardo markaren iragarkiak edo Axier Muniaini buruzko argazki-erreportajeak ere.
Aipatzekoak dira Fermin Muguruzaren «Zuloak» filma eta Luis Mariasen «Gernika bajo las bombas» telesaila. 2013an aurkeztuko dira «Arteros», «15 años y un día», «Amaren eskuak», «El método Arrieta» eta «Zipi y Zape, y el Club de la Canica».