GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Urrezko lehiaketa

Finalerdiak nola jokatuko diren erabakiko da

A eta B multzoetako azken saioak jokatuko dira bihar eguerdian Doneztebeko pilotalekuan.

p050_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Finalerdiak nola jokatuko diren erabakita geratuko da bihar eguerdian Doneztebeko pilotalekuan, bertan jokatuko diren A eta B multzoetako lehen faseko azken ekinaldietan. Bi irabazleek finalaren atarikoa jokatuko dute, eta galtzaileak, berriz, lehiaketatik at geratuko dira.

A multzoan, Lopez eta Senosiain I.a, Atutxa II.aren eta Mugertza II.aren aurka lehiatuko dira. Bi bikote hauek orain arte jokatutako neurketa galduta daude, eta beraientzat biharkoa final baten parekoa da. Irabazteak aurrera egiteko balioko die, eta galtzen baldin badute, etxerako bidea hartu beharko dute.

Saioa estu agertzen da, nahiz eta bi gazteak, Atutxa eta Mugertza, ateratzen diren garaipena lortzeko faborito. Ez dirudi iraupen probara baino lehen ezer erabakiko denik, ez behintzat gauzak normal joaten baldin badira, eta dena azkeneko lanean jakingo den errezeloa dago. Garaipena lortzen duen bikoak, Otaegiren eta Otañoren aurka jokatu beharko du, haiek lortu baitute B multzoko lehen postua, jokatutako bi saioak irabazita.

Zalantzak

B multzoan, Olasagastik eta Larretxeak, Rekondoren eta Erasunen aurka neurtuko dituzte indarrak. Hemengo egoera ere aurrekoaren bera da. Biak jokatutako neurketa galduta datoz, eta bihar irabazten duen bikoak Nazabalen eta Zubiagaren aurka jokatuko du finalerdietako norgehiagoka. Galtzen duenak, berriz, etxerako bidea hartu beharko du.

Saio hau joan den astean zen jokatzekoa, baina Erasun min hartuta egon da, giharretako arazo batekin, eta ezin izan zuen jokatu. Orain ikusteko dago nola agertuko den Aurtizko gaztea. Otaegiren eta Otañoren aurkako saioan izan zuen arazoa, eta orain hamar egunez geldirik egon behar izan du. Horren menpe egongo da biharko saioa.

Olasagastik eta Larretxeak askoz ere eskarmentu handiagoa daukate, eta hasieran faborito aterako dira, eta are gehiago Erasunek izan dituen arazoak kontuan hartuta. Hala ere, ikusi beharko da zer gertatzen den. Denak ongi baldin badaude, zaila izango da azkeneko lana baino lehen ezer erabakitzea. Lan labur horietan bi bikoteak ongi moldatzen dira, baita zutikako lanean ere; beraz, azkeneko saioa izan daiteke epaia emango duena. Ikusmin handia dago, eta Doneztebeko pilotalekuko harmailak bete egingo dira.

Bi saiotako lana berdina izango da. Hasi lan laburrekin hasiko dira, iraupen probarekin amaitzeko. Guzti horietako denborak batuko dira, eta onenak dituzten bikoteek lortuko dute finalerdietarako txartela. Saioa 12.00etan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo