GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Artea eta literatura (eta II)

Kontua zera da, literatura, nobela batik bat, burgesiaren generoa izatetik (denbora librea zuten gutxi batzuen denbora-pasa moduan agertu zen nobela) genero popularra izatera igaro zen unean (uler bedi genero irakurriena dela; Lukacsek uste zuen nobela langileriaren generoa izan zitekeela, baina gaur egun gizartean duen irits ahalmena zabalagoa da) haren prestigioa handitzearekin batera (zenbat aldiz ez ote dugun entzun batek ezin duela bere burua idazletzat hartu harik eta nobela bat idazten ez duen arte?) irakurlearekiko distantzia laburtu, are gehiago, ia desagertu egin da. Nobelak irakurtzea ez da gutxi batzuen pribilegioa; edonork eskura ditzake orain, nahi izanez gero. Hots, literatura demokratizatu egin da. Ildo berean, museoen bitartez artea ere demokratizatu egin dela esan genezake. Baina gizarteak ez ditu artea eta literatura modu berean antzematen. Lehenengoari zail irizten dion bitartean (hots, edonor ez da artea ulertzeko gai; gutxieneko jakintza maila bat beharrezkoa da artelanaren nondik norakoak antzeman ahal izateko), literaturaren kasuan irakurtzeko gaitasuna izateari nahikoa irizten zaio liburu baten iruzkina egin ahal izateko. Alegia, edonor izan daiteke literatur kritikari. Alabaina, liburu bat irakurtzeko gai izateak ez du esan nahi testua (eta testua diodanean Derridaren definizioari lerratzen natzaio -oro da testua eta ez dago ezer testutik kanpo-) bere konplexutasunean aztertzeko gai denik bat. Beste modu batera esanda, testu bat kritikoki antzeman ahal izateak nolabaiteko prestakuntza eskatzen du. Alde horretatik, artea eta literatura ez dira hain ezberdinak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo