Baztango jeinuak esnatuko dira «Zaindari ikusezina» nobelan
Elizondon kokatutako thrillerrak zenbait neraberen hilketak ikertzera eramango du Amaia Salazar polizia. Mitologiak istorioa gidatzen duen heinean, Baztango sineskeriak eta parajeak ezagutuko ditugu, oinarrian azkenaldian sekulako arrakasta izan duten nobela beltzen kontakizunak dituztela. Dolores Redondoren lan argitaratu berria atzerrian sekulako jakin-mina pizten ari da eta dagoeneko hamar herrialdetan publikatzea lortu du.Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Nobela beltza urrezko garaiak ari da bizitzen Stieg Larssonen «Millennium» trilogia mundu osoan best-seller egin zenetik. Orain atzerrian zeresana ematen ari den euskarazko nobela beltzaz goza dezakegu Dolores Redondok egindako lanari esker. Jatorrizko testua gaztelaniaz badago ere («El guardián escondido», Destino), atzotik euskaraz irakur dezakegu, Josu Zabaletaren itzulpen lanari esker. Erein argitaletxeak Uzta Gorria sailean kaleratu du idazle berri honen «Zaindari ikusezina» lana.
Nobela thrillerra da, non Amaia Salazar inspektoreak gertatzen ari diren krimenak argitu beharko dituen. Argumentuak arrunta badirudi ere, gainerako osagaiek egiten dute berezi. Izan ere, istorioa Elizondo herrian dago kokatuta eta euskal sinesmenek berebiziko garrantzia dute. Hala, nerabeen heriotza sorta bat Baztango ohiturekin eta mitologiarekin uztartzen ditu, eta hori da liburuari nortasuna ematen diona.
Idazleak polizien ikerketa lanaren egiazkotasuna erakutsi nahi zuen, filmetan eta telesailetan ikusten dugun iruditik aldentzeko. Esandakoaren arabera, ez du poliziarik ezagutzen eta Nafarroako Foru Poliziaren lana ahalik eta fidelen erakusteko beraiekin harremanetan jarri zen .
Nobelak duen beste berezitasun bat Amaia Salazar inspektorea bera da. Amarekin duen harreman kaskarrak bere izaeran eragina dauka, baina zoriontsua da finean. «Normalean nobeletako inspektoreek arazoak dituzte, familia desegituratua eta oso bizitza iluna. Amaia atsegina da, ezkonduta dago eta bere harremanarekin pozik dago».
Dolores Redondorentzat ustekabekoa -eta poztekoa- da nobela izaten ari den arrakasta. 2011ko ekainean amaitu zuen liburua, eta orduan ez zuen ez editorerik, ezta argitaletxerik ere. «Zortea izan nuen. Pertsona egokiekin jarri nintzen harremanetan eta urrirako sei nazioarteko editorial nituen atzetik», aipatu zuen. Destino argitaletxeak (Stieg Larssonen lanak gazteleraz eman zituenak) ezezagun baten nobela kaleratzeak jakin-mina piztu zuen. «Nobelaren eskubideak erosi dituzte, ez nire izena ospetsua delako, baizik eta gustatu egin zaielako, eta hori oso polita da», adierazi zuen. «Millennium» saga zinemara eraman zuen produktoreak ere, Peter Naderrmannek, eskubideak erosi ditu. «Filma egiten dutenean nik ez dut esku hartzerik izango, baina ahalik eta fidelena izatea gustatuko litzaidake. Agertokia, behintzat, mantenduko dutela esan didate», kontatu zuen.
Zuzendaria euskalduna hautatzen saiatuko direla ere baieztatu zuen, kontatzen diren istorioak ondo ulertzea ezinbestekoa delako.
«Euskarazko itzulpenarekin ez dut beldurrik, itzultzaileak unibertso hau gertukoa duelako, baina atzerrikoekin izan du arazoren bat. Adibidez, badago une bat non sanferminetako entzierroa deskribatzen dudan, eta esaten dut plazan amaitzen dela. Bada itzultzaile alemanak deitu zidan galdetzeko ea zein plazaz ari nintzen», azaldu zuen. Beste kontzeptu batzuk ere ez dira atzerrian ulertzen. Esate baterako, «aita» eta «ama» hitzak mantentzeko eskatu du, Elizondoko batek inoiz ez duelako beste hitzik erabiliko. Berdin gertatzen da Basajaun pertsonaiarekin. «Euskarazko bertsioa kenduta, beste hizkuntzek amaieran glosario bat daramate. Nahiago dut kontzeptu bakoitza azaltzea itzultzea baino, zentzua galduko lukeelako.
Euskal mitologiak atzerritarrak nahastu beharrean, erakarri egiten ditu. «Guk oso izaki indartsuak ditugu, eta banpiroei buruzko istorioak arruntak badira, ulergarria da gure jeinuenak ere erakargarriak izatea». Era berean Elizondoko bizitzaz mintzatzen da, Baztanek duen xarmaz, eta asko poztuko luke bere nobelaren hedapenak turismoa erakartzeak. «Leku zoragarria da eta oso gozo onak ditu, batez ere txokolatea», aipatu zuen.
«Zaindari ikusezina» trilogia baten lehen zatia da. Salazar inspektoreari kasu berria emango dion bigarren zatia, «Legado en los huesos» gaztelaniaz, amaituta dauka. Istorioan Tartalo aurkeztuko du.
Protagonistari abizena Salazar inkisidorearen omenez jarri zion. Baztanen izan zen sorginkeriarik ba ote zegoen ikusteko eta sineskeria besterik ez zela esan zuen. Horren ondotik, ez zuten «sorginik» erreta hil.
Dolores Redondok Zuzenbide ikasketak hasi zituen eta ondoren ostalaritzan hasi zen lanean. Sukaldaritza pasio badu ere, idaztea nahiago du eta zenbait lehiaketara aurkeztu ostean oihartzun handirik izan ez zuen nobela bat idatzi zuen. «Uste nuen honekin ere berdin gertatuko zela, ez nuen espero halakorik», adierazi zuen. Laster kontrolik gabe haziko den fenomeno bat izango da bere nobela eta horrek beldurtu egiten du. «Ez dut nire bizitza aldatzerik nahi, lasai bizitzen jarraitu nahi dut eta esperientzia honetako gauza onekin ez besterekin gelditzen saiatuko naiz». N.B.