Arkaitz Martinez de Albeniz | Gasteiz
Bost gazte, bost gaztaro erdibitu
Maitane, Xabier, Arkaitz, Aitor eta Ekaitz. Bost gazte, bost gaztaro, bost bizitza urratu.
Beste bost gazte esaten hasteko tentazioa izan dut, eta artxibategi edota fundazioren bateko memoriatan bilduta egongo badira ere, dagoeneko kontua galduta dut zenbat gazteren bizitza erditik ebakiak izan diren euskal gatazkaren justifikaziopean.
Baina ez dut beste bost esan nahi, orain eta hemen Maitane, Xabier, Arkaitz, Aitor eta Ekaitzen bizitzak urratuak izango direla komunikatu nahi dut, letra larriz komunikatu. Bost gazte eta bost bizitza.
Disidente sentitu eta praktikan jartzea inoiz ez da erraza izan, eta 2013. urtean erraza izan gabe jarraitzen du.
Arau inposatuaren aurrean ezetz esatea eta, are zailago dena, ezetz honi baiezko sortzaile batekin erantzuteko erabakitasuna izatea. Ezarrita datorkigun bizi-ereduari alternatibak bilatzea, normaltasun kapitalistaren arauak ukatzea eta gainditzen saiatzea, euskaldun eta abertzale gisa zuen kosmobisioa eraiki eta honekiko errespetua exijitzea.
Guzti hau eta burutu dituzuen zorioneko beste hamarka arau-hausteengatik zokoratu nahi zaituztete, zuen ingurune natural, emozional eta politikoaren joko-zelaitik kanporatu, zuen gaztaroaren ateak itxi.
Disidentzia horren praktikak eramango zaituzte espetxera, disidentzia onartzen ez duen sistema juridiko-politikoak espetxeratuko zaituzte berriro.
Herritar gisa dagozkigun eskubide zibil eta politikoak gauzatzea izan da zuen delitua eta paperean aitortuak zaizkigun eskubideen gauzatzeagatik «delinkuente» bilakatu zaituztete.
Eta berriz ere disidente agertu zarete gaztaroa baldintzatu nahi dizuen sententziaren aurrean. Elkartasunari esker ate itxien lengoaia artean ateak ireki dizkizuen jendea topatu eta zabaldutako ate horien samurtasunean, zuen disidentziaren naturaltasuna helarazi diguzue. Zuen egoeraren larritasuna erakusten duen atea zabaldu diguzue.
Bada, nire bihotzaren atea ireki duzue ere, eta beste bost gazte ez zaretela gogorarazi didazue. Hori adierazteko, hori oihukatzeko larunbatean goizeko 12.30ean Donostiako Bulebarreko hitzorduan izango naiz.