Floren Aoiz www.elomendia.com
Ai, Europa, Europa...
Baditugu lagunak Europan, eta badaude oinarrizko demokraziaren aldekoak. Baina horiek dira Europan agintzen dutenak?Uste dut Alfonso Sastre izan zela -ez dut ongi oroitzen- Europarekin izan dugun mitifikazioa kritikatzen zuena. Ideia argia aipatzen zuen: frankismoaren menpeko ikuspegitik, Europa demokrazia zen. Iluntasunetik argitasunera, beraz, espainiar Estatutik Europara pasatzea. Aitortzea gozoa ez den arren, sakoneko ideia hau sobera barneratua izan dugulakoan nago. Amua irentsi dugu? Uste dut baietz. Sena ibaitik manifestazioetan hildako aljeriarren hilotzak bidaiatu izanak pista batzuk eskaintzen zizkigun. Frantses paratxutistak aljeriarrak sopletez torturatzen ikusi izanak, film batean izanik ere, zerbait pentsarazi behar zigun. Belgikarrek Afrikan egindako sarraskiei buruzko berriek zerbait mugiarazi behar ziguten, halaber. Nazi eta faxisten ustezko garbiketaren hutsuneak, europar komunitate ekonomikoaren nondik norakoak, diktaduren aurreko jarrerak... Finean, ahantzia genuen frankismoak berak Europari esker iraun zuela.
Sinetsi genuen Europa eta AEBak oso gauza ezberdinak zirela. Espainiarrei kultura demokratiko eza leporatzen genien eta diegu, oraingoz ere, Europarekin alderatuz. Europatik ikasteko eskatzen diegu. Inozoak!
Gogoratzen ez dudan liburu batean, ahantzi dudan pertsonaia batek aipatzen zion beste bati jasaten ez zuen gauza bakarra inozokeria zela. Bekatu hori aitortu behar dut, eta uste dut ez naizela bekatari bakarra. Sinetsi izan dugu, -inozoak gu!- Europak ez zuela espainiar Estatu ustelarekin zerikusi handirik. Pentsatu dugu Europak txartel gorria erakutsiko ziola espainiar Estatuari, demokrazia eta oinarrizko eskubideen izenean.
Libian eta Malin atzematen ahal dugu Europa zer den, esaterako. Edo EAE-ANVren ilegalizazioaren aurreko azken epaian. Europa nahi genuen? Tori, hartu Europa, bada!
Inozokeria bekatu larria izanik, are larriagoa inozokerian gelditzea. Ireki ditzagun begiak, aurrean dugunaren krudeltasunak beldurtzen bagaitu ere. Europa inperialismoa da, kolonialismoa, sarraskiak, ustelkeria, herri, kultura eta hizkuntzen zapalkuntza, nazismoa, faxismoa, kapitalismoa, frankismoa, sorginen pertsekuziotik juduen pertsekuziora, beste pertsekuzio guziak ahantzi gabe. Agian, sinetsi nahi genuen beste zerbait bazela, Grezia eta Erromako kultura eta ondare mitifikatuak, demokrazia, jende eskubideak, errepublika, progresoa, zibilizazioa. Zaila zen errealitateari aurre egitea, baina hor dugu, gure aitzin: espainiar eta frantziar estatuek, salbuespenak salbuespen, Europaren babesa izan dute gure herriaren kontrako eraso iraunkorrean.
Ez dut orain kontrako mitifikazioan erori nahi. Gaur nabarmena da Europan gero eta gehiago direla espainiar eta frantziar estatuen estrategien kontrako ahotsak. Baditugu lagunak Europan, eta badaude oinarrizko demokraziaren aldekoak. Baina, horiek dira Europan agintzen dutenak?
Ideia batzuk aldatzea zaila izaten da. Jainkoengan ez sinestea, aurretik sinetsi duenarendako, askapena bada ere, hutsune handi, erraldoi baten aurrean biluzik gelditzea ere bada: sinesmenaren habia uztea ez da beti gozoa.
Europarena ez da afera bera, baina hobe genuke Europarekiko itxaropen lasaigarria kolokan jartzea, oso gozoa ez den arren.