GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza gutxituak Ťahantziť ditu Hezkuntzako lege proiektuak

A.M. | BAIONA

Asanblea Nazionalera eraman aitzin, datorren asteazkenean Hezkuntza ministroak Gobernuaren mahai gainean jarriko duen lege zirriborroak hezkuntzako hainbat elkarte eta sindikaturen haserrea piztu du. Izan ere, bere hauteskunde-programan Hollandek Errepublikako hizkuntzei agindutako begirunea ez du inolaz ere islatzen.

Hurrengo ikasturtetik goiti hezkuntza sistema publikoa eraberritzeko egiten dituen proposamenen egokitasuna gorabehera, elkarte eta eragileok uste dute legearen testuan hizkuntza gutxituek espresuki aitortuak izan behar dutela, «ez soilik ondare gisa, baita hezkuntza osatua eta kultur aniztasuna» bermatzeko faktore gisa ere.

Hala, lege proiektuan hizkuntza horien aipamen txikienik egin ez izana «bereizkeriatzat» jota,  Okzitaniako kultur eta hizkuntzaren irakasleen federazioak (Felco) landutako idatziaren bidez, dagokien lekua eman diezaiela eta legeak espresuki jaso ditzala eskatu diote Vincent Peillon Hezkuntza ministroari. Gainera,  «maila guztietan, bereziki hezkuntza publikoan», beren garapena bermatze aldera «egiazko politika» martxan jartzea exijitu diote.

Hamazazpi eragile 

Hezkuntza elebiduna sustatzen duten 17 eragilek ere bat egin dute idatziarekin, horien artean, Bretainiako Div Yezh, Korsikako AILCC, Reunioneko AELCR , Alsaziako Eltern Alsace eta Euskal Herriko Ikas-Bi elkarteek.

Estatu frantseseko hezkuntza publikoan hizkuntza gutxituen alde diharduten elkarte gehienak biltzen dituen federazioa, FLAREP, ere sinatzaileen artean dago. Estatu frantseseko Unibertsitateetako Kontseiluaren 73. Sailak  ere (eskualdetako kultur eta hizkuntzez arduratzen dena) sinatu du, tartean, Aurelia Arkotxak, Jon Cazenavek eta Xarles Videgainek.

Ministroari ez ezik, legea onartu behar duten diputatu eta senatari guztiei ere helarazi diete eskaera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo