GARA > Idatzia > Euskal Herria

Duela 25 urteko ekintzak leporatzen dizkiote Brasilen atxilotutako basauriar bati

1988. urtean ETAk egindako atentatu batekin lotzen du Polizia espainolak atzo Brasilen atxilotu zuten Joseba Vizan basauriarra, Rio de Janeiron zehazki. Nazioarteko bilatze agindua emana zegoen.

GARA | BILBO

Joseba Vizan basauriarra atxilotuta dute Brasilen, Rio de Janeiro hirian, hain zuzen ere. ETAko Bizkaia komandoak egindako atentatuekin zerikusia duela dio Barne Ministerioak. Atxilotua, agiri faltsuekin, Brasilen aspaldi bizi zela ziurtatu du Gobernu espainolak. Eman dituen datuen arabera, 52 urte ditu.

Atxiloketa atzo gertatu zen Brasilen 12.30 aldera. Nazioarteko bilatze eta atxilotze agindua emana zuen Auzitegi Nazional espainoleko 5. Instrukzio Epaitegiak.

Poliziaren datuen arabera, ustez 1988. urteko urtarrilean Espaniako poliziakide bat larri zauritu zen atentatu batean parte hartu zuen Vizanek. Handik bi egunera beste poliziakide baten kontrako eraso bat gertatu zen Bizkaiko Bolueta auzoan, aurrekoa bezala lapa-bonba bat erabiliz. Urte berean Basauriko komisariaren aurkako beste atentatu bat ere aipatzen da atxilotze agirian. Horrez gain, basauriarrak 1990. urtean Bizkaia komandoa berrosatzen lagundu zuela dio Auzitegi Nazional espainolak eta 1991. urtetik ihes eginda zegoela aipatu du.

Joseba Vizan Brasilen bizi aurretik Mexikon izan zela uste du Jorge Fernandez Diaz buru duen Ministerioak. Inoiz ez dutela epaitu nabarmentzen du prentsa oharrak.

Basauriko ezker abertzaleak gogor salatu du atxiloketa hau eta elkartasuna adierazi dio Potxolin ezinenez ezaguna den auzokideari. Gaur 13.30etan protesta egingo da Bentako Plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo