GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Negarrik ez egitearren

Aste honetan irakurri dugu Eibarko Udalak milioi bat euro galdu duela bere diruarekin espekulatuz. Norberak nahi duena egiten du bere diruarekin, ezta? Gertatzen da, ordea, diru horren jabeek ez zituztela swap arriskugarri horiek kontratatu. Eibarko Udalaren dirua eibartarrena da, eta Udal hori kudeatzeko ardura zutenek kasinora jotzea erabaki zuten. Hori bai, borondate onarekin. Ez dut esan nahi ustelkeria kasua dela, baina bai itsusia, eta herritarrenganako errespetu falta ikaragarria.  

Egunotan, halaber, jakin dugu Nafarroako presidente eta Iruñeko alkate ohi Yolanda Barcina Nafarroako aurrezki kutxaren (CAN) bi sozietatetatik dietak jaso zituela, beste zenbait organotatik jaso zituenez gainera, jakina. Barcinak, eta Miguel Sanzek, eta Enrique Goñik eta Alvaro Mirandak eta Juan Cruz Allik... Hori ere ez omen da ustelkeria; legez kanpokoa, behinik behin, ez da, eta hori kezkagarria da.

Oraindik orain jakin dugu Madrilgo Komunitateko presidente Ignacio Gonzalezek Malagan duen pisua ilun samarra dela, ustelkeriaren itzalaren pean dago eta. Baina ez PPko diruzain ohi Luis Barcenasen marroia bezain iluna. Edo –kalko horrek garbizaleren bat aztoratzen badu ere– Gonzalezen pisua ez da Mariano Rajoyren eta haren alderdiaren fardela bezain handia. Rajoy, lerrook idatzi arte behinik behin, desagertuta zegoen, eta Santa Sorayak ez zekien ezer. Barcenas..? Nor da hori? PPk azaldu behar du marroia, barkatu, fardela, ez Soraya UPMkoak. Txarrena, Madrilgo Gobernuko presidente ordeak atzo arte ez jakin izana PPko goi-karguek gainsoldata goxoak jasotzen zituztela. Eta ni?, egingo zuen bere artean.     

Nola liteke...? Oso erraza. Nago gizarte espainiarrak ohikotzat ez ezik, normaltzat ere jotzen duela ustelkeria. Ez dut esan nahi gustuko duela, jakina, baina hainbat kasu ikusita, non zenbat eta ustelkeria handiagoa, orduan eta boto gehiago eskuratu izan dituzten PPk eta inoiz PSOEk ere, ez dakit zer pentsatu. «Hobe txar ezaguna ona ezagutzeke baino» erdal atzotitza gidari duela dirudi. Halabeharraren edo probidentziaren mendeko mentalitatea barne-muinetaraino sartuta: Beti izan da horrela eta horrela jarraituko du. 

Ez, ez naiz poztu; hala ere, barre egin nahiago dut. Negarrik ez egitearren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo