KRONIKA | POSTURA HEZIKETARI BURUZKO TAILERRA
Aiako haurrek eguneroko mugimenduak zaintzen ikasi dute fisioterapeutarekin
Motxila nola eraman behar den, lo egiteko posiziorik egokiena zein den, nola esertzea komeni den... Eguneroko mugimenduak, gure bizkarrean eta osasunean eragina dutenak, zaintzen irakasten ari dira Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko kideak eskolaz eskola. Aiako Lardizabal ikastetxera lagundu diogu Garikoitz Aristegiri.
Maider IANTZI
Orioko errepidean gora iritsi gara Aia herri eder eta lasaira, handitutako uren ondotik. Lardizabal eskolako haur eta irakasleek beso zabalik hartu gaituzte. Bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleak gela berean batu dira. Bi irakasle eta zuzendaria ere han dira, postura heziketari buruzko tailerra hasteko irrikatzen. «Badakizue zergatik natorren?», galdetu die Garikoitz Aristegi tailerren zuzendariak sartu eta berehala. «Erakustera! -erantzun dute neska-mutikoek-. Gorputzari buruz!».
Fitxa bat eman die fisioterapeutak eta arrapaladan joan dira denak arkatzaren bila. Inkesta bat bete behar dute, hainbat egoeratan ze posturatan jartzen diren azalduz. «Ondo ala gaizki dagoen pentsatu gabe, jarri nola egiten duzuen zuek». Minik izan duten eta non ere adierazi behar dute.
Joan den azaro eta abenduan, 40 fisioterapeutatik gora Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 120 zentro baino gehiagotan ibili ziren haurrei inkestak egiten, eta bertatik ondorioztatutakoa «kezkagarria» izan da. «Gogoetara» bultzatu behar ditu, elkargoko kideen iritziz, fisioterapeuta, guraso zein irakasleak. Ikerketa honen arabera, 8 eta 10 urte arteko gazteen %61 bizkarreko minarengatik kexatzen dira, mutilak eta neskak, portzentaje berean.
Min gehien dortsalean izaten dute, baina zerbikaletan eta lunbarretan ere agertzen da oinazea. Neskak gehiago kexatzen dira zerbikalengatik eta mutilak dortsalengatik. Eserita egoteko postura da eragile nagusia.
Eskaera handia
Prebentzioan laguntzeko asmoz, fisioterapeutek tailerra egin zuten duela bi urte. 600 lantegi egin zituzten 15.000 ikaslerekin. Eskaera handia izan zen eta aurten berriro ekin diote lanari. Asmoa bi urtean behin egitea da.
Orain ere ikastetxe anitzek deitu diete eta maiatzera arte aukera dute animatu ez direnek (talleresposturales.org-n edo 944 02 01 55 elkargoaren telefono zenbakian egin dezakete eskaria, doan). 125 eskolatan egon dira eta 250 edo 300era iristea espero dute, 20.000 umerekin egotea.
Aiara bueltatuz, «nik zer dakit nola egiten dudan lo!» aipatu du neska batek. «Nik, sofan nagoenean, eserita ere egiten dut!» bertze batek. Lehenengo fitxa betetzean, bigarren bat jaso dute. Orain, marrazkien artean, posturarik egokiena zein den aukeratu behar dute. Fisioterapeutaren lanari buruz solasean, haur batek «bai, zuk gomendioak ematen dituzu...» komentatu dio Aristegiri, eta hau kontent gelditu da, dagoeneko fisioterapeuta ez dela masajeekin soilik lotzen adierazten baitu.
Shamir elkartrukean Euskal Herria bisitatzen ari den mutikoa protagonista duen komikia banatu, eta denen artean ekin diote irakurtzeari. Umeak komikiaren barrenean sartu dira exajeratu samarrak baina errealitatearen isla diren irudiekin. Marrazki ederrak dira eta umeak erakusten dituzte motxila gaizki jarrita edo lurrean botata kirolik egin gabe.
«Zuek horrela egoten zarete patioan?» galdetu die fisioterapeutak. «EEZZ!». «Eta zer egiten duzue?». «Jolastu!».
Praktikari ekin diote: komikia lurrera bota eta altxatu egin behar dute, eta bitartean lagunei begiratu ea eurek nola egiten duten. Irriz lehertzen dira haurrak. Motxila jarri eta desfile bat antolatu dute. Banan-banan pasatzen dira ikasleak irakaslearen aitzinetik, Marijo andereñoa begira dutela. Anderri pixka bat estutu dio motxila, ipurdian darama-eta; Maitanek ongi darama; Gurutzek ezin du esku batez altxatu zuzen mantenduz, beteegia daraman seinale. «Baina-baina, zer daramazu hor?».
Oinatzek gurpildun motxila dauka. «Eskua atzera eramatea hobe duzu». Aulki gainera igoarazi du Uxue, lagunak motxila zein behean daraman konturatzeko. «Modarengatik hala eramaten da, ez dakigu ipurdia tapatzeko...». Barre egiten dute.
Motxilan pisu gehiegi
Hiru motatako motxilak ditugu: bi heldulekuduna, bandolera gisakoa eta gurpilduna. Hoberena bi heldulekukoa da, ongi kokatua, justu bizkarraren erdian. Gurpilduna ondoan eraman behar da eta bandolera, mokorrean, gurutzatuta. «Ez du umearen pisuaren %10 baino gehiagoko zama izan behar, baina inkestatik ondorioztatu dugunez, batez beste %25eko karga eramaten du ume bakoitzak». Umeei beren pisua galdetu die eta trikimailu bat erakutsi eraman dezaketen karga kalkulatzeko: «Ander, zenbat pisatzen duzu?». «29 kilo». «Orduan, 2,9koa da gehienez eraman dezakezun zama».
Bizkarra zaintzera bideratuta daude lantegiok, baina ez horretara bakarrik: osasunari buruzko gomendioak ematen dituzte, elikaduraren eta kirolaren gainekoak. Istorioaren pasarte batean, adibidez, eguzkia triste samar ageri da kanpoan, ume guztiak etxe barrenean ari direlako meriendatzen eta jostatzen. Shamirren lagun baten, Mikelen, urtebetetzea da eta besta antolatu du. Batzuk lurrean daude oker-oker eginda eta hori ikusitakoan, «konkorra aterako zaie!» oihukatu dute Aiako gaztetxoek. «Kartetan mahaian jokatu behar da, ez lurrean». Ikasle hauek badakite zerbait.
«Hori postura!» garrasi egin dute neska-mutikoek harrituta, komikiko hurrengo pasartean Mikel hauspez, koltxoia eta bizkarra beheraka okertuta lo ikusita. «Itxi begiak eta irudikatu zuen burua ispiluaren aurrean hemendik bost urtera, postura txarretan egon ondoren. Nolako itxura duzue? Halakoak izan nahi al duzue?», galdetu die Garikoitz Aristegik. Eta haurrak imajinatzen hasi dira: «14 urterekin...». Normala den bezala, oinazea du Mikelek. Eta Shamirrek kontatzen dio nola berak ere eduki zuen eta fisioterapeutak aholkuak eman zizkion.
Ikasleek posizio zuzenen praktikak hasi dituzte: nola egin behar da lo? Umeak amaren sabelean bezala, alde batera begira. Nolako burukiarekin? Gorputzaren araberakoa izaten da hori. Sorbaldatik belarrira doan distantzia izan behar du bizkarra zuzen mantentzeko.
Hortzak garbitzeko edo apal batetik zerbait hartzeko, iristen ez bagara zerbaiten gainean jartzea komeni zaigula ere jakinarazi du profesionalak.
Eserita nola egoten garen ere hagitz garrantzitsua da, denbora anitz ematen baitugu egunero jarrita. Adibidez, ume bat Nintendoarekin edo mugikorrarekin jostatzen hasten denean egiten duen lehenengo keinua burua makinan sartzea izaten da. Berehala ikusi dugu hori Aiako eskolan. «Gelditu zaudeten bezala, ez egin zirkinik ere. Begira Unai, burua joko barruan sartu du». Baina ipurdia atzean mantendu behar da, bizkarra zuzen, eta makina hurbildu nahi izanez gero besoak erabili. Eserita gaudenean, hankak lurrean izatea ere garrantzitsua da. «Ukitzen al duzue lurra?» Eta zalaparta itzela sortu da klasean, hankekin lurra kolpatuz. Ander ez da ailegatzen. «Lasai, laster iritsiko zara. Baina bitartean, jarri zerbait azpian». Esaldia bukatu bezain azkar Xabier Gaiton zuzendaria gelatik atera da Anderren hanken azpian jartzeko aulkitxo baten bila.
Lurretik zerbait altxatu behar dugunean, hankak tolestu behar ditugula oroitarazi du Aristegik. «Hanketako muskuluak erabili behar ditugu, bizkarrekoak baino askoz handiagoak».
Inkestaren jarraipena
Shamir badoa, baita Garikoitz Aristegi ere, baina aurretik postura zuzenak aukeratzeko lehengo fitxa eman die ikasleei berriro betetzeko, zer edo zer ikasi duten ikusteko. Maiatzean itzuliko da fisioterapeuta Aiako Lardizabal eskolara galderak egitera, ikerketaren bigarren zatia eginen baitute kanpainaren eragina neurtzeko. «Nahi duzue berriro etortzea?». Baietz erantzun dute haurrek aho batez, kontent, eta eskerrak emanez atera dira lasterka patiora hamaiketakoa eskuan.
Zuzendaria eta irakaslea ere pozik daude tailerrarekin; hala azaldu diote Aristegiri berriketan gelditu direnean. Gainera, aipatu diote ongi dagoela irakasleei ere erakustea, gauza anitz eurek ere ez zekizkitelako eta hala nekez izan zitezkeelako eredu onak gaztetxoentzat. Fisioterapeutak emandako posterrak jarri dituzte hormetan, eta fitxetako irudiak eta komikiak gorde ikasleekin lantzeko. Tailerrak emandakoa ez delako hemen bukatzen. Xabier Gaitonek agertu duen gisan, garrantzitsua da gero gaiarekin egiten den lanketa, idazlanekin, errate baterako.