Jakes Abeberry-ren bizitzaren bidez, gure historia hurbila azaltzen duen lana fipa-n
Jakes Abeberry Biarrizko zinegotzi abertzalearen potreta egiten duen «Sur les pas de Jakes» («Jakesen urratsetan») dokumentala ikusgai izango da Biarrizko FIPA jaialdian. Atzo bertan hasi eta hilaren 27ra arte iraungo duen jaialdian lehiaketatik kanpo aurkeztuko dute lana. Abeberryren bizitzaren bidez, Ipar Euskal Herriko azken berrogeita hamar urteotako historia agerian jartzen du dokumental honek.
Ainize BUTRON
Ipar Euskal Herriko azken berrogeita hamar urteotako abertzale mugimenduaren etapa nagusien eta bilakaeraren ispilu da 2012ko udaran Ramuntxo Garbisu zinemagile eta zinemazaleak kaleratu zuen «Sur les pas de Jakes» («Jakesen urratsetan») dokumentala. Biarritzen atzo hasi zen FIPA nazioarteko ikus-entzunezko telebista saioen jaialdia, eta Fipatel sailean izango da ikusgai lan hau. Jaialdia bera merkatu bat da, eta filmak erosi edo saltzeko profesionalentzako Fipatel gunea erabiltzen dute. Bertan, «Barrura begiratzeko leihoak» -euskal preso politikoen inguruko bost istorio- Josu Martinez, Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti, Txaber Larreategi eta Enar Goikoetxeak zuzenduta eta Oskar Alegriaren «Emak bakia baita», Man Ray artistak Biarritzen egin zuen egonaldiari buruzko alegia, ikusi (eta erosi) ahal izango dituzte profesionalek.
Hogei bat urtez l'Atalante Baionako arte eta entsegu pelikulen zinema aretoko zuzendari izan ondoren, azken urteotan Ramuntxo Garbisu zinema lanetan jardun da. Baionako portuan kokatua den lehengo Fertiladour lantegiari buruz egin zuen lehen dokumental lana, eta horri esker, Eusko Ikaskuntzaren eta Baionako Herriko Etxearen saria lortu zuen joan den urtean.
«Sur les pas de Jakes» dokumentalean guztiz bestelako eremu bat landu du. Baionako portuari buruzkoak salaketa helburu bat zuelarik, bigarren lan honetan, Jakes Abeberry Biarrizko militante abertzale historikoa goraipatu nahi izan du egileak. Honakoa dio Garbisuk dokumentalaren abiapuntua azaltzerakoan: «Sen batetik sortu da proiektua. Jakesekin, eskas nituen Ipar Euskal Herriko iraganaren pasarteetara itzuli nahi nuen, bere lurretan erbestean dagoen baten erara».
Abertzale mundutik urruti, Garbisuk Abeberryren potreta eginez, azken berrogeita hamar urteotan abertzale mugimenduan gertatutakoa ulertu nahi izan du. Baina, gizon politikoa aurkitzeaz gain, Biarrizko Maitaldia jaialdiaren sortzailea eta dantzazale amorratua eta Biarrizko Herriko Etxean kultur zinegotzi bezala eramandako lana izan dira, esate baterako, eremu abertzale eta politikotik at zabaldu zaizkion gaiak.
Jakes Abeberry duela hamar bat urte gurutzatu zuen lehen aldiz Ramuntxo Garbisuk, Demo mugimenduaren aurka izandako auzi gatazkatsuenetan. Negar gasen usain eta ke artean topo eginda, zinemagileak honako galdera pausatu zion bere buruari: «Zer demontre egiten du hemen Biarrizko hautetsi batek?». Ondotik, jaialdi, ekimen eta beste hainbat alditan izan zuen berarekin egoteko aukera, eta «gizon horren bizitzaz gehiago ezagutzeko jakin-mina» piztu zitzaiola aitortu du egileak. Jakes Abeberryk 82 urte ditu gaur egun. 1960an «Enbata» kazetaren sortzaile izateaz gain, 1963an, Ipar Euskal Herrian abertzale mugimenduaren sorrera markatu zuen Itsasuko Agiriaren sinatzaileetako bat izan zen.
Gizon horri buruz Garbisuk egin duen dokumentalaren lehen irudiak Itsasun kokatzen dira; hain zuzen, abertzale mugimenduaren sorrera finkatu zen lekuan bertan. Ondotik, Jakes Abeberry hurbiletik ezagutu duten bederatzi pertsonen lekukotasunarekin eta artxiboko irudiekin osatu du egileak ordubete eta erdiko pelikula. Sei hilabete eman ditu Ramuntxo Garbisuk hasieran 52 minutuko formatua izan behar zuen filma lantzen. «Dokumentalaren formatua 52 minutukoa izaten da. Baina ez nuen inongo mugarik jarri nahi, eta informazioa biltzen ibili ondoren, interesa ikusirik luzatzea iruditu zait hoberena», gehitu du egileak.
Bederatzi lekukotasun
Pelikula, izan ere, Jakes Abeberryren bizitza markatu duten atal nagusietan banatuta dago: abertzaletasuna, Biarritz, dantza eta gatazka. Lekukotasunei dagokienez, Garbisuk kamera hartu, eta Jakes Abeberry hurbiletik ezagutu duten Kristiane Etxalus eta Txetx militanteak, Koldo Zabala dantzaria, Thierry Malandain koreografoa, Didier Borotra Biarrizko auzapeza, edo Zigor eskultorea bezalako pertsona ezagunengana hurbildu da, eta galdera bakar bat pausatu die: «Zuretzat, nor da Jakes?».
Galdera sinple hori dela medio, Biarrizko hautetsiaren «irudi ezezagun bat ezagutzeko aukera» ematen dela gaineratu du egileak. Biarrizko zinegotzia da gaur egun, baina, 1991n, Herriko Etxean sartu zen kultura hautetsi bezala. Hirian arte giroa berpizteko asmoari ekin zion kargua hartu bezain laster, Maitaldia jaialdia bultzatu zuen, eta herriko hiru areto nagusiak berritu zituen. Horrekin batera, Oldarra ballet konpainia eta abesbatzako lehendakari eta zuzendaria ere izan da. Jakes Abeberryk aitortu zuen «euskal errealitateaz jabetu» zela 15 urte zituela, Oldarran sartu zelarik. «Badago zerbait interesgarria dokumentala begiratzen duzularik, hau da, duela berrogeita hamar urte Jakesek luzatzen zituen ideiak, betiere, aurkitzen direla bere diskurtsoan», nabarmendu du Garbisuk. Hasiera batean helburu pertsonal bat asetzeko abiatu zuen proiektua bere bidea egiten hasi da.
Ramuntxo Garbisuk osoki finantziatu duen dokumental lanari zabaltzeko bidea irekitzen ari zaio gutxinaka. Urrian Biarrizko Le Royal zinemagelan egon zen ikusgai, eta lehenengo proiekzio horretarako 300 ikusle elkartu zituen. Joan den astean, berriz ere, proiektatu zen Le Royal zinemagelan euskarazko azpitituluekin. Baina, datorren apirilean izango du zabaltzeko aukera handiena. Ramuntxo Garbisuk esan duenaren arabera, DVD formatuan kaleratuko dute euskarazko azpitituluekin. Hortik aurrera, dokumentala salgai izango da Ipar Euskal herriko liburu-denda nagusietan.A.B.